Lehen emanaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2023ko eka. 13a, 08:30

Gogoan dut Ikerrek parte hartu zuen lehen eskola-emanaldia. 3 urte zituen.

Haur guztiek jarraitzen zituzten dantza-urratsak, gureak izan ezik. Iker batera eta bestera ibili zen korrika, apaingarri jarrita zeuden globoak lehertu nahian. Begiradak beragana zuzentzen ziren eta nik listua irensten nuen, negar malkoei eusten nien bitartean. Miguel Gallardok hau dio autismodun alabari eskainitako Maria eta Ni liburuan: "Jendeak aurpegia okertu ohi du jangelan marruaka hasten denean adibidez, urduri jarri delako edo azkar jaten uzten ez diodalako. Aurpegikera horiek triste jartzen naute batzutan, ito egiten naute beste batzutan". Egun horretan Iñaki ez zegoen nerekin. Ordurako bagenekien Ikerrek autismoa zuela baina ez genuen oraindik horretaz garbi hitz egiten ingurukoekin. Kostatu egiten zitzaigun.

Iritsi zen Gabonetako emanaldia ere eta antzeko-parezido: denak mozorrotuta, Iker izan ezik. Denak dantzan, bera izan ezik. Oraingoan Iñaki ere han zegoen. Goibel irten ginen emanalditik. Etxera iristean autismoa duen beste haur baten aitari deitu nion telefonoz, eman berri zidaten bere zenbakia. Harekin hitz eginaz lasaitu nituen barrenak, telefono bidez baino ezagutzen ez nuen arrotz bat izan arren diagnostiko berberak elkartzen gintuenez, ni ulertzeko gai zen pertsona harekin. Iñakik ez zuen hitzik egin. Beretzat gorde zuen nahigabea. Mingarri zitzaizkigun desberdintasunak, min ematen ziguten begiradek.

Inauterietako desfilea etorri zen hurrena. Haurrak hippie estilora mozorrotu behar eta Ikerrek ez zuen mozorrotu nahi izan. Logopedarekin genuen hitzordua egun berean eta handik itzuleran lo hartu zuen Ikerrek autoan. Bakearen ikurra marraztu nion masailean. Esna egon izan balitz ez zidakeen marrazten utziko. Herriko kaleetan zehar desfilatzen ari zirela, Iñakik hala esan zidan: "Mozorrotu gabeko bakarra da". Nik, begiraden aurrean pixka bat lasaitzen hasia ordurako, erantzun nion: "Ez dio axola, aurpegia pintatuta dauka". Egun hartakoa da textuarekin datorren argazkia

Hurrengo emanaldiak ez ditut gogoan, berriz Gabonetakoa iritsi arte. Iñakik ez zuen oraingoan bere tristura gorde ahal izan. Iristean, atean eseri eta esan zidan: "ez naiz sartuko". Iñaki ohituta dago begiradetara. Partidu bat galdu ala irabazi ez zaio alderik sumatzen. Baina jokuan Iker dagoenean ordea... Gure artean sortu zen emozioei buruzko eztabaida hura inguruan genituen gainontzeko gurasoek suma ez zezaten disimulatu nahian, esan nion: "Zer gerta daiteke bada? Ikerrek ez duela dantza egingo? Korrika hasiko dela? Eta?".

Une bat behar izan zuen Iñakik, jaiki eta nirekin batera sartu zen antzokira ondoren. Iritsi zen Ikerren txanda. Mozorrotuta zegoen eta, ikaskideen eskutik, dantza egin zuen. Emanaldi, festa-egun asko igaro dira ordudanik. Dantzatu egin du zenbaitetan Ikerrek; urduri egon arren, gozatu ere bai. Begiradez kezkatzeari utzi diogu guk, soilik semea gure moduan ikusten dutenenei ematen diegu garrantzia. Izan dira emanaldiak, amaitutakoan Iñaki eta niri jendea hurbildu eta Ikerrek dantzan zein ondo egin duen esan digutenak. Iker animatuaz mezuak jaso izan ditugu mugikorrean. "Aupa Iker!" oihuren bat ere entzun dugu inoiz. Ikasi dugu Angela Corredorrek idatzi zuen moduan, "desberdina izateak ez duela oker dagoela esan nahi". Eta diferentziek jada minik eragiten ez badigute ere aitortzen dut, atsegin dudala ekitaldiotan Iker gainontzekoekin bat eginda sumatzen dudanean.