Zergatik egin dio garrasi nire anaiari?

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2022ko abe. 24a, 09:00

Iker eta Aitana eskolara bakarrik joaten hasi dira aurten. Atzetik jarraitzen diet, baina beraiek ni ikusi gabe. Aitanak badaki ni atzean nagoela, baina Ikerrek ez. Bakarrik ibiltzea Ikerrek bere herrian autonomia lortzeko modu bat da.

Zebra-bideak abstraktuak izan daitezke Ikerrentzako; ulertzeko zailak izan daitezke beretzako. Horregatik, urdinez margotutako irudiek esanahia ematen laguntzen dute, eta kaleak zeharkatzean Iker ez da despistatzen. Aitanak ere lagundu dio, bidegurutze bakoitzean bi noranzkoetara begiratu behar duela gogoraraziz. Ikerren autonomia-urrats horretan, gure familiaren konplizitatea bilatu nahi izan dugu, eta azaldu diegu, bidean aurkitzen dituztenean, gutxi hitz eginez agurtzeko eskatu diegu, beraiek geldiarazi gabe. Ezustekoek eta errutina aldaketek urduri jar dezakete Iker. 

Hiru hilabete daramatzagu horretan, eta orain arte dena ondo atera zitzaigun, baina aurreko egunean, ez hainbeste. Haien atzetik eskolara iritsi nintzenean, Aitana negarrez aurkitu nuen.”Zer gertatzen zaizu? Zergatik zaude negarrez?”, galdetu nion. Hark esan zidan gizon batek oihu egin ziola Ikerri. “Ez al zara kenduko, ume alu hori?” oihu egin ziola esan zidan. Gizon hura bizikletan zihoan eta espero zuen Ikerrek lekua utziko ziola espaloian. Baina Ikerrek autismoa du eta kasu egitea, irribarrea itzultzea eta bidea uztea bezalako arau sozialak ez ditu ulertzen.

Behin Donostiatik bueltan gentozen trenean, eta Iker negarrez hasi zen. Ezin nuen lasaitu. Bagoiaren bukaeratik ahots bat entzun zen: “Ixo! Isilduko al zara!”. Garai hartan Aitanak bi urte zituen eta negarrez hasi zen, eta galdezka hasi zitzaidan: “Zergatik egin dio garrasi nire anaiari?”. Alaba lasaitzeko, oihu haiek ikerrentzat ez zirela esanaz konbentzitu nuen. Baina oraingoan desberdina izan da. Aitanak 8 urte ditu, eta dagoeneko ezin dut engainatu. Berak bazekien garraisi horiek bere anaiarentzako zirela. Besarkatu nuen eta isilik egon nintzen. Gero, etxean, azaldu nion batzuetan mundua ez zela guk nahi dugun bezlaako, eta nahiko nuela munduak Iker ezagutzea berak hain ondo ezagutzen duen bezala.

Bizitza berez konplikatua da eta berari, Ikerri, oraindik eta konplikatuagoa egingo zaio pixka bat bada ere ulertzen ez badugu. Errazagoa jar diezaiogu, eta ohartu gaitezen erantzuten ez duen ume horrek, bidea ez duen haur horrek, autismoa izan dezakeela. Egunero esfortzu bat egiten du arau sozial horiek bereganatzeko; guztiz ulertzen ez dituen arauak dira (nik ere ez batzuetan), eta beretzako diseinatuta ez dagoen mundu batekin bat egiten saiatzen da. Mundu horrek askotan epaitu egiten du jakin gabe zer esfortzu egiten ari den.

El niño al que se le olvidó cómo mira liburuan, Juan Martos eta Maria Llorente psikologoek zera diote: “Nork gogoratzen du zer esfortzu egin zuen hitz egiten ikasteko? Nork uste du begietara begiratzeak urteak eman zizkiola? Nork entseatu behar izan du ispilu baten aurrean nola eman baiezkoa buruarekin elkarrizketa batean? Seguru asko, pertsona gehienek ez dituzte gogoratzen ikaskuntza horiek zailak direla, baizik eta inoiz ez dute horretan pentsatu. Gauza horiek guztiak egiten dakizkigu eta kito, naturala da, baina nola ikasi ditugu? Gehienak ez ditugu planteatu ere egin, hor daude, besterik gabe, gure ohiko portaeren errepertorioan, hala nola arnasa hartzen, doministiku egiten edo dir-dir egiten jakitea bezalaxe (inoiz ez dugu zalantzan jarri nola egiten ditugun gauza horiek). Horren aurrean, autismoa duten pertsonek begiratu, baietsi edo hitz egiten ikasi dute, ahalegin handiz eta praktika handiz”.