Telmo Lazkano elkarrizketatu dute Gazteako 'Zulora' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2023ko ira. 30a, 09:00
Telmo Lazkano Gazteako 'Zulora' saioan. (Gaztea)

Telmo Lazkano zumaiarra elkarrizketatu dute Gazteako Zulora saioan, mugikorraren erabilerak eta sarean hain murgilduta egoteak izan ditzakeen ondorioen inguruan.

Gazteako Zulora saioan izan da Telmo Lazkano zumaiarra. Donostiako Peñaflorida Institutuko irakaslea da bera, eta azken hiru urteak teknologiaren eta norbanakoen harremana aztertzen eman ditu. Horrez gainera, gaiarekin lotura duen proiektu bat ere egin du ikasleekin: No Phone Challenge, hain zuzen ere. 

Hori horrela, Zulora saioan mugikorraren erabilerak eta sarean hain murgilduta egoteak izan ditzakeen ondorioen inguruan mintzatu dira. Lazkanok elkarrizketan azaldu duenez, ondorio asko atera ditu urte hauetan egindako ikerketaren ondoren, "baina ikasketa ederra eman" diote ikasleek berari ere, irakaslearen esanetan. Halaber, nerabeentzat mugikorra "tresna bat baino zerbait gehiago" dela azaldu du protagonistak, eta horretan atentzio handia jarri behar dela azpimarratu du, "beraien balore, autoestima eta identitate eraikiera sutsuan" baitaude.

Gazteako Zulora saioan egindako elkarrizketa osorik ikus daiteke honako lotura honetan.