[BIDEOA] Foka bat Itzurun hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2019ko abe. 20a, 09:59

Ezusteko bisitaria izan zuen atzo Imanol Yeregi surfistak Itzurun hondartzan: itsasotik etorritako foka txikia, hain zuzen ere. 

Iluntzen ari zela heldu zen foka itsasertzera, ziur aski, atseden hartzera. Animalia gaztea zela dio Imanol Yeregik, eta itxuraz egoera onean zegoela. Telefono dei batzuk egin zituen animaliarekin zer egin jakiteko, eta esan zioten animalia hauek, baita gazteak ere, sarritan heltzen direla kostaldera. 

Itzurunera heldutakoa itsas txakur grisa da. Adituen esanetan, animalia espezie hau Mantxako Kanalean ugaltzen dira. Itsas txakurrek urtebete inguru dutenean, negu partean, iparralderantz eta hegoalderantz joaten dira. Euskal Herriko kostaldean ikustea nahiko arrunta dela ere gaineratu dute.

Foka batekin topo egitean pakean uztea gomendatzen dute adituek, animaliak beraiek estresatu daitezkelako eta koska egiten dutelako.