25 urte tiraderan

Erabiltzailearen aurpegia Gontxalo Torre 2018ko ots. 2a, 08:16

Ezer gutxi daukat kontatzeko, eta aitortu behar dut teklatuaren aurrean jarri eta idazten hasteko arras alperra naizela.

Alabaina, Baleikeren 233. alean argitaratutako artikulua armatzeko idazlagunak zirikatuta, komunitatean izena eman eta hari post scriptuma egitera animatu naiz. Izan ere, ur handietako arrantzontziak hizpide dituen sare sozialetako talde horietako batean zokoratuta nuen irudi bat argitara eman eta gero, ezusteko erantzuna jaso nuen.

Argazkia orain duela 25 urte atera nuen, artean Vigoko Itsas Etxean Ternura joateko zain nengoela. Beiramarreko moiletan porturatutako barku handiak MAR (Motopesqueros de Altura Reunidos) enpresakoak dira, eta krosko gorriko brankan bereizten ez den izen lausotua azaleratzeko gogoz, galdera bota nuen foroan. Erantzuna berehala jaso nuen, barkutzar horiek Congelador Mar Uno, eta bere atzean ezkutatuta, Congelador Mar Dos omen dira; gaur egun, hurrenez hurren, eta izenez behin baino gehiagotan aldatu eta gero, Namibiako eta Txileko bandera dutenak.

Gainera, itsasoan ibilitako jendeak egundoko bista duela zalantzak uxatzeko, taldekideek utzitako erantzunen harian, hainbeste itsasontzi izugarri artean ikusezin eta ezdeusa, hurbilago eta eskuinean erdi estalita ageri den beste itsasontzi gris bat identifikatu zuten: ERASUN.

Izena irakurri orduko, tak! zerbait piztu zitzaidan buruan; hau da, barku hori Zumaian egindakoa ote zen. Horrenbestez, Balenciagak egindako itsasontzien zerrenda begiratu eta, uste bezala, hortxe aurkitu nuen, 1988. urtean egindako barkuen artean. Jakin-goseak jota, sarean ikertu eta orain UM Al QURA dela egiaztatu dut, 1995ean Arabiara saldu eta gero.

Bakoitzak bere zoroak bizi du, eta, foro horretan denbora-pasan, Baleikeko artikuluan aipatu genuen Playa de Bakio atun-ontzia ikusi dut pasa den astean dike lehorrean dotoretzen egon dela. Baita ere, 1976an egindako Txori-erreka arraste-ontzia duela 15 urte desegin zutela.

Hortaz, lagunak dioen bezala, argazkietan, zein bizitzan, batzuetan ertzetara ere begiratu beharra dago, zerbait garrantzitsua galdu nahi ez badugu.