Debako septarien inguruko erakusketa bisitagai urtarrilaren amaierara arte

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2023ko abe. 2a, 11:00
Debako turismo bulegoan bisitatu daiteke erakusketa. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Debako septarien inguruan garatutako bi proiekturi  bukaera emateko, erakusketa bat prestatu du Debako turismo bulegoan. 

Debako Udalak Geoparkearekin elkarlanean septariak kontserbatu eta balioan ipintzeko proiektu bat garatu du. Esku pribatuetan zeuden aleak beraganatu ditu eta hoietako ale batzuk elkartruke programa baterako bideratu dira. Munduko beste septaria batzuk Debakoekin batera erakutsi ahal izateko eta aldi berean Debakoak ere beste lurralde batzuetan ezagutzera emateko. Adibidez, Madagaskar, Maroco, Alemania edo Frantziako septariak ikus daitezke erakusketan eta, gertuagokoak Nafarroa, Pirineoak, edo Bizkaiako aleak. 

UPV/EHUko Luis Miguel Agirrezabala ikerlaria flysch beltzean aditua da eta Geoparkeak lagunduta flysch beltzeko noduloak ikertzen dihardu azkenengo bi urteetan. Ikerketaren emaitzak oso adierazgarriak dira, bere hitzetan septariak garai hartako artxiboak dira, prozesu fisiko, kimiko eta biologikoak ezagutzen laguntzen digutenak. 

Debako septariak siderita beltzezko konkrezioak dira, esferikoak eta 2 eta 25 cm arteko tamaina aldakorrekoak, eta artelan txikiak diruditen barne-haustura sare bat dute. Ondoren, pitzadura horiek ur mineralizatuz betetzen dira, eta kaltzitako kristal zuriz betetako betegarri bat prezipitatzen dute; hala ere, dolomitazko, baritazko eta piritazko kristal txikiak ere aurki daitezke. 

Erakusketa urtarrila bukaerara arte ikusgai izango da goizez, egunero, 10:00etatik 14:00etara eta ostiral eta larunbat arratsaldetan, 16.00etatik 18.00etara ere.

Epe ertainera erakusketa finko bat sortzea da helburua. Ikerketatik hasi, hezkuntza eta dibulgaziorako baliabide bilakatu arte, azken finean Geoparkearen eskaintza geoturistiko iraunkorraren osagarri.