Euskal Kostaldeko Geoparkea turismoaren Fitur azokan da aurten ere

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2023ko urt. 18a, 17:30

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea, Deba, Mutriku eta Zumaia udalerriek osatua, Madrilen ospatzen den Fitur turismoaren nazioarteko azokan da beste urte batez. Bertan izango da, gaurtik, urtarrilaren 18tik, 22ra.

Aurten, azoka turistiko honen esparruan, gaur egingo diren bi aurkezpen irekieretan egongo da Geoparkea: Euskadiko standa inauguratzeko ekitaldian eta UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismoko esperientzien aldizkari berriaren aurkezpenean. 

Aldizkari hori koloretako 100 orrialde inguruko argitalpena da, eta egun estatuan dauden hamabost Geoparkeak deskubritzen dituen argitalpena da (Cabo de Gata-Níjar,Geoparque Sierras Subbéticas, Geoparque Sierra Norte de Sevilla, Geoparque Cataluña Central, Geoparque El Hierro, Geoparque Las Loras, Geoparque Maestrazgo, Geoparque Sobrarbe-Pirineos, Geoparque Granada, Geoparque Costa Vasca, Geoparque Villuercas-Ibores-Jara, Geoparque Molina-Alto Tajo, Geoparque Lanzarote y Archipiélago Chinijo, Geoparque Orígens y Geoparque Montañas do Courel).  

Halaber, aldizkariak geoparke bakoitzerako zenbait geoturismo-esperientzia proposatzen ditu; Lurarren Historiaren puzzlea osatzen duten piezak dira. Argitalpena geoparques.es webgunean eskuratu edo deskargatu ahal izango da, eta Estatuko geoparkeak aurkeztu eta sustatzeko balioko du, urtean zehar egingo diren hainbat azoka eta turismo-ekitaldietan.

Geoparkea, ekoturismoko helmuga 

Era berean, Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkea ekoturismoko helmuga gisa sustatuko da. Fitur egiten den bost egunetan, Geoparkeak bere eskaintza turistikoaren berri emango du Euskadiko standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan. 

Gainera, Espainiako Ekoturismo Klubak urteko Batzarra egingo du Fiturren eta Geoparkeak parte hartuko du; izan ere, Leire Barriuso, Geoparkeko kudeatzailea, Zuzendaritza Batzordean sartu berri da. Bileran, besteak beste, aurtengo urterako diseinatu diren marketin eta marka-posizionamendu planak aurkeztuko dira.