Geolodian parte hartzeko aukera dago oraindik

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2018ko mai. 3a, 11:54
Argazkia: Euskal Kostaldeko Geoparkea.

Gipuzkoako Geolodia 2018 ekimena Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkean egingo da maiatzaren 12an. 'Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak' izenburuarekin, Geoparkearen barnealdeko geologia ezagutzeko aukera egongo da. Izen-emateko aukera dago oraindik turismo@geoparkea.com e-postara idatziz.

Geologia eta geologoen lanbidea herritarren artean ezagutzera ematea du helburu Geolodia ekimenak. Horrela, ekimen honetan, geologoek gidaturiko eta publiko zabalari zuzendutako doako ibilaldiak egiten dira.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkeak hartuko du Gipuzkoan aurtengo Geolodia ekimena maiatzaren 12an, larunbatean. 'Karst. Koralezko mendiak eta bailara ezkutuak' izeneko ibilaldia Euskal Herriko Unibertsitateak eta Geoparkeak elkarlanean antolatu dute, eta helburua da Geoparkearen barnealdeko geologia ezagutzea.

Lasturko plazatik abiatuko da ibilaldia goizeko 9:30ean. Handik oinez aterako da taldea Lasturko San Nikolas auzoraino, lau orduko ibilbidea eginez. Bidean Arantza Aranburu eta Asier Hilario geologoek azalpenak emango dituzte: Geoparkeko paisaiaren bilakaera geologikoa azken milioi urteetan, Behe Kretazeoko koralezko arrezifeak nolakoak ziren…

Bazkaltzeko tartea egin ostean, 15:00etan, Lasturko harrobira gerturatuko da taldea autobusez, Hector Fano geologoaren eskutik bertako harria eta honen erabilera ezagutzeko. Itzulera 17:00etan izango da; autobusak abiapuntura eramango ditu parte-hartzaileak, Itziarko plazara.

Ibilaldi gidatua doakoa da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea, plaza mugatuak baitira (50 lagun). Oraindik bada tokia izena emateko. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete turismo@geoparkea.com  e-postara idatziz. Mendiko arropa eta oinetako egokiak, ura eta janaria eraman behar dira. Lasturko tabernan bazkaltzeko aukera ere badago, aurrez erreserba eginda.