Eskerrak osaba Joxeleoni

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2020ko aza. 9a, 08:50

1985eko uda hartan telebistako izar nagusiena, David Haselhoff genuen bere autoarekin. "El coche fantastico" telesailaren atalak arratsaldero izaten ziren ikusgai telebistan. Arratsaldez itsasgora zegoenean, ordea, ez genuen telebista ikusteko astirik izaten. Eta errota-herria garenez, marearen indarrarekin ibiltzen ginen jolasean.

Arratsaldeko laurak hor nonbait, elkartu gara moilaberrian Mantxi, Eneko, Igor eta Felix. Bokadilloak, fruta eta ura hartu ondoren bagoaz Beduara. Lasai, lasai, marearen indarrarekin ordubetean iritsiko gara.

Gaur egun Gernika parkea dena, Moilaberria bezela ezaguna zen 90eko hamarkadara arte. Gaur, ordea, gure txalupa honen jatorriaz arituko naiz.

Garai batean Zumaian bi arraun elkarte izan genituen, C.R AITA-MARI, eta AMIGOS DEL MAR. Bigarren talde hau ontzi txikiekin aritzen zen, batel eta trainerilekin. Talde honen kirol ibilbidea ez zen oso luzea izan, eta 80ko hamarkadaren erdialdean desegin zen. Bere egoitza moilaberri inguruan zegoen, eta taldea desegin zenean, han utzi zuten trainerila zahar bat erditik zatituta. Gauza benetan tentagarria ur gainean bizi ginen haur-gaztetxo batzuentzat.

Txalupa zati hau bizkarrean hartu eta estazioko industrialdera eraman genuen. Bertan makina erraminten lantoki batean lanean aritzen ziren nire aita eta lau osaba. Joxeleonek gure txalupa ikusi zuenean laguntzeko prest agertu zen. Berak konpondu eta prestatu zuen txukun-txukun. Zuloak konpondu, tosta berriak, tolete berriak ipini, lijatu eta margotu.

Hiruzpalau udatan hau izan zen gure jostailua. Uda moilaberrian pasa ondoren, irailaren amaieran berriro aita eta osabak zuten lantokian gordetzen genuen. Hurrengo udaberrirako, Joxeleonek berriro lijatu eta margotu egiten zuen ORTZI txalupa. Hau baitzen bere izena. Mantxik ordea beste izen bat proposatu zuen: PIPERMIN-POTE, agian egokiagoa.

Ondoren, beste txalupa baten jabe ere egin ginen Xalbadorri esker, LAPA izenekoa. Kontu horiek ordea beste baterako utziko ditut.

Bitartean, tapa pala eta gortu balantza!