1985eko martxoak 3

Erabiltzailearen aurpegia Felix Aizpurua 2019ko mar. 3a, 15:36

Bizitzan zehar guztiok ditugu data esanguratsu batzuk gogoan. Azterketa baten eguna, bidai ahaztezin hura, norbaiten heriotza, norbaiten jaiotza...

Igande goiz eguzkitsu hartan, arraun elkartera goizo gerturatu nintzen. Han zeuden Kantoia eta Aristi, entrenatzaileak, niretzat Arconada eta Satrustegi baino gizon handiagoak garai haietan. Dodge zaharreko maleteroa berriz, Zueltzuneko bokadilloez beteta zegoen, mortadela eta txorizo Pamplona aukeran.

Pasai Sanpedrora joan ginen batel estropadetan parte hartzera, infantil eta kadete mailako ontziak.

Urduritasuna nagusi, hankak dardarka, bainan lanean hasteko amorratzen geunden. Beroketak egin eta salidako balizetan ipini ginen. Aldamenean Fortunako donostiarrak, arraun arroxak zeramatzaten mutil batzuk eta gu. Denak ixilik eta elkarri begira.

Epailea irteera ematera gerturatu zenean, bihotz taupadak gora etaaa ba!!

Une horretan ixiltasuna amaitu zen, eta patroi guztien garraxiak besterik ez ziren entzuten. Arraun arroxadun mutilak atzean gelditu ziren eta tanda irabazi genuen, orokorrean bigarren postua lortuaz.

Batel barruan eta brankatik txopara, hauek aritu ginen arraunean:
Gasbitx.
Mayeski.
Felix.
Luengo.
Peloia patroi (epaileek gurekin parte hartzen utzi zioten, jubenila izan arren)

Etxera joan eta handitan arraunlari izan nahi nuela esan nien gurasoei. Ez zait inoiz ahaztuko martxoaren 3a.

Eta hau irakurri dezuten arraunlari, edo arraunzaleei lan bat ipiniko dizuet; lehendabiziko estropada non egin zenuten eta taldekideen izenak gogoratzea.

Bitartean tapapala eta gortu balantza.