Aspertzeko unerik izan ez zuten partidak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2023ko abu. 4a, 11:06
Dinastia Etxabeko jokalari batzuk eta epailea. (Jexux Iribar)

51. Dinastia Etxabe txapelketak jarraipena izan zuen atzo iluntzean jokatu ziren beste bi partiduekin. Lehenengo partiduan Ibarluzeak eta Elorzek osatutako bikoteak lortu zuen garaipena; bigarrenean, berriz, De La Fuente eta Beloki izan ziren garaile. Jexux Iribarrek honako kronika hau egin du txapelketako bigarren jardunaldiaren inguruan.

51. Dinastia Etxabe txapelketako hirugarren jardunaldia izan zuten atzo Aitzuri Pilotalekuan. Bi partidu jokatu zituzten iluntzean; lehenengoa Ibarluzeak eta Elorzek osatutako bikoteak lortu zuen garaipena; bigarrenean, berriz, De La Fuente eta Beloki izan ziren garaile. Jexux Iribarrek atzoko jardunaldiaren inguruan idatzitako kronika da honakoa.

Laurehun eta hirurogeitik gorako pilotakadekin  -461 lehenengoan eta 466 bigarrenean- gauza interesgarririk izan zen bietan. Atzo Aitzurira etorritako pilotazaleak etxera pozik joateko arrazoiak izan zituzten. Honako hauek izan ziren emaitzak: Labaka-Egiguren 16, Ibarluzea-Elorz 22; De La Fuente-Beloki 22, Fernandez-Azpiroz 15. 

Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea honakoa izan zen: 0-3, 5-3, 5-5, 5-6, 6-6, 6-8, 9-8, 9-12, 10-12, 10- 17, 16-17 eta 16-22, Ibarluzea eta Elorzen alde. Tantoen banaketa, berriz:

  • Labaka: egindakoak 8 eta galdutakoak 8.
  • Egiguren: egindakorik ez eta galdutakoak 8.
  • Ibarluzea: egindakoak 5 eta galdutakoak 2.
  • Elorz: egindakoa bat eta galdutakoak 6.

Pilotariei buruz:

Beñat Labaka. Ilunpe Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari azpeitiarrak ez zuen gaizki jokatu, eta tanto ederrik ere egin zuen; lau ezker gantxoz, bat boleaz, eta beste hiruak botera, txapa gainean moztuta. Baina galdu ere beste horrenbeste egin zituen, eta markagailuarentzako berdin balio dutenak izan ziren biak. Atzo bezalako partiduetan, hainbeste kostatzen delarik tantoa egitea, pena bat hain errez galtzea zenbait pilota, eta zaindu beharreko atal bat hau, aurrera begira.

Urtzi Egiguren. Azpeitiarra eta Ilunpe elkarte beretik jokatzen du Egigurenek. Atzo ikusitakoarekin, bikote Labakaz esandakoaren antzeko zerbait esan behar. Bi eskuekin pilotan jokatzen dakien kirolaria, baina errazegi galtzen du pilota, batez ere ezkerrez, eta atzelari batentzat gabezia garrantzitsua da hori. Ahalegindu egin beharko du beraz, oker hau zuzentzen.

Oier Ibarluzea. Lazkaoko Pilota Elkartetik jokatzen duen Urretxuko pilotaria da Ibarluzea. Partidu hasiera ez zuen guztiz ongi egin; pilotara ondo jarri ezinik bezala ibili zen, eta errematerako garaian zalantza asko izan zituen. Hobeto aritu zen gero, sendoago. Aurkariek ez bezala, pilota gutxi galdu zuen; bi bakarrik, eta hementxe egon zen norgehiagoka irabazteko gakoa. Baina aurrera begira, ezker aireko jokoa komeniko litzaioke menperatzea gehiago, atzo ere izan baitzituen tantoa modu horretan egiteko aukera garbiak. Batzuetan sartzeko keinu eginda atzelariari uztea ondo dago, baina hauek ere jo eta jo nekatu egiten dira, eta eskertzen dute noski aurrelarien tanto azkarra.

Oier Elorz. Upo-Mendi Pilota Elkarteko Zaratamoko atzelari fina da. Bera zen guztietan gazteena  -16 urte-, eta bera gehien gustatu zena. Oso ezker ona du, baina eskuina ere txarra ez; ezker belauna aurreratu eta gerria ondo sartuaz ederki jotzen dio pilotari. Ezkerrarekin egiten du min ordea, pilotaren bila dagokion bezala joan eta kolpe bizia erantsiaz. Eta ez horren mutiko handia delako, pilotaria delako baizik. Kantxako zuloak ondo asko tapatu zituen. Oso itxura ona eman zuen atzo.

Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea: 0-1, 2-1, 2-3, 4-3, 4-5, 8-5, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10- 11, 13-11, 13-12, 16-12, 16-14, 17-14, 17-15, eta 22-15, De La Fuente eta Belokiren alde. Tantoen banaketa berriz, honakoa izan zen:

  • De La Fuente: egindakoak 7 eta galdutakoak 2.
  • Beloki: egindakoa bat eta galdutakoak 6.
  • Fernandez: egindakoak 4 eta galdutakoak 8
  • Azpiroz: egindako bat eta galdutakoak 8.

Pilotariei buruz:

Aingeru De La Fuente. Irurtzun Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari Eugikoa da. Ondo jokatu zuen, sakearekin eta defentsa lanetan sendotasun handia erakutsi zuen, eta erremate garaian eraginkor. Norgehiagokaren 17tik 22rako azken txanpa izan zuen atzoko distiratsuena; tantorik ederrenak garai erabakitzaile honetan egin zituen, eta bide batez partiduari amaiera eder bat eman ere bai.

Eneko Beloki. Gazteleku Pilota Elkartetik jokatzen duen pilotari andoaindarra. Ondo jokatu zuen honek ere. Erraztasun handia dauka pilotan jokatzeko, bere bi eskuetatik pilota airoso ateratzen delarik, eta hau, aurreko koadroetatik bezala atzekoetatik gainera, hankak bosteko koadroan zituela jo zueneko pilotarekin ikusi zen bezala, botea zazpigarrenean eginaraziaz. Beste bi pilota zail askoak ere ekarri zituen dotore asko, hain zuzen ere hamabostgarren tantoa egin zutenekoan, Fernandezek eta Azpirozek tanto berean, pilotari botea zazpigarren koadro atzetik eginarazi, eta lehenengoari eskuinez eta bigarrenari ezkerrez, ezin hobetoago kolpea erantsiaz, pilota frontiseko goi partean jarri zueneko haietan andoaindarrak. Oraindik hemeretzi urte, eta dena ere ezin ba ondo egin, eta galdu behar ez ziren pilota batzuk ere alferrik galdu zituen dena den.

Jorge Fernandez. Asteleheneko partidua irabaztetik zetorren pilotari errioxarra. Ondo jokatu zuen honek ere, motorra topera zuela uneoro, eta partidua erritmo handian jokatu zuen. Oso orekatua izan zen markagailuari begira ibili zen, eta nekatu egin zen azkenerako. Azken zatian akats bat edo beste egin zuen nekearen ondorioz. Ez da mutil handia, baina bai ausarta; kantxan ezkutatzen ez den horietakoa, eta bikote lagunari ere asko laguntzen diona. Sake eta pilota txar asko kendu zituen alde batetik, baina pilota on askoak ere utzi zizkion atzelariari. Iaz azken orduko sukar arazoengatik jokatzera etortzerik ez zuen izan, baina aurten bai, eta bere lanak ondo eginda joan da.

Adrian Azpiroz. Asteleheneko partidua irabaztetik etorritakoa zen Irurtzuneko pilotari hau ere, eta partiduko beste hiru pilotariak bezala, bera lanak ondo eginda joan zen etxera. Hori bai, galdu izanaren pena handiz. Aurreko norgehiagokan ez zen gaizki ibili. Ezkerrez eta eskuinez ondo eman zion pilotari; eman behar zenean eman, eta jaso behar zenean jasoz. Aurreko koadroetan, txokoan moztuta utzitako pilota batekin tanto eder askoa ere egin zuen gainera. Honek ere pilota dezente galdu zuen, eta ezin izan zuten irabazi. Fernandezek bezala, iaz ez zuen izan etortzerik, eta ez dugu pentsatzen etorritako damurik izango duenik; inguru hauetan, pilotan ondo joka dezakeen atzelari bat ezagutarazi duelako bere presentziarekin.

Datorren astelehenean, abuztuak 7, jokatuko dira azken laurdenetako bigarren partiduak:

Gazte eta jubeniletan: Iglesias-Santesteban / Sanchez-Calvo ¡

23 urtez azpikoetan: Senar-Landa / Etxeberria-Loza