Ongi lehiatutako partidak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2023ko abu. 2a, 17:00
Dinastia Etxabeko jokalari batzuk eta epailea.

51. Dinastia Etxabe txapelketako partidak jokatu zituzten atzo iluntzean Aitzuri pilotalekuan. Lehenengo partidan Apezetxea-Lazkoz bikoa izan zen nagusi; bigarrenean, berriz, Amiano eta Gabirondo. Jexux Iribarrek honako kronika hau egin du txapelketako bigarren jardunaldiaren inguruan. 

51. Dinastia Etxabe txapelketako partidak jokatu zituzten atzo iluntzean Aitzuri pilotalekuan. Lehenengo partidan Apezetxea-Lazkoz bikoa izan zen nagusi; bigarrenean, berriz, Amiano eta Gabirondo. Jexux Iribarrek honako kronika hau egin du txapelketako bigarren jardunaldiaren inguruan. 

Partidu onak izan ziren atzo Aitzurin jokatutako biak, kalitate onekoak eta gogor lehiatuak, parte hartu zuten zortzi pilotarien aldetik. Honako hauek izan ziren emaitzak: Iker Egiguren-Oliden 16, Apezetxea-Jon Lazkoz 22; eta Oskoz-Erle 17, Unai Amiano-Gabirondo 22.

Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea honako hau izan zen: 0-4, 2-4, 2-10, 5-10, 5-11, 7-11, 7-17, 11-17, 11-18, 12-18, 12-19, 14-19, 14-21, 16-21, eta 16-22, Apezetxearen eta Jon Lazkozen alde. Tantoen banaketa, berriz:

  • Egiguren: egindakoak 6 eta galdutakoak 4, hauetako bat, kantxaren egoerarengatik.
  • Oliden: egindakorik ez eta galdutakoak 4.
  • Apezetxea: egindakoak 14 eta galdutakoak 4.
  • Jon Lazkoz: egindakoa 1, eta galdutakoak 5.

Pilotariei buruz:

Iker Egiguren. Ilunpe pilota elkarteko aurrelari azpeitiarra ondo aritu zen, abiadura emanez pilotari, hutsegite nabarmenik egin gabe eta tanto politak eginaz. Baina hori dena ez zen nahikoa izan atzoko norgehiagoka irabazteko. Beste zerbait behar, egindako tanto gehiago hain zuzen ere. Eta hartutako apunteetan begiratuz gero, garbi ikusten da non dagoen hutsunea; ezker gantxoz bakarra egin zuen eta gehiago egin behar parean zeukan pilotariaren jokoa hausteko. Saiatu zen bere lekutik ateratzeko aurkari zuen aurrelari goizuetarra, baina ez zuen lortu nahi bestetan egitea, eta ezin irabazi.

Aratz Oliden. Lazkaoko pilota elkartean aritzen da Orioko atzelaria, eta ondo jokatu zuen. Denbora luzez parez pareko norgehiagoka mantendu ondoren atzelari aurkariarekin, gailentzea ere lortu zuen partidaren azken zatian. Atzelariari bezala egin behar zioen aurre, baina, aurrelariari ere, eta sarri askotan jo behar izan zuen ezker horma inguruko zonaldea zaintzera, lagunari pilota eskatu eta sendotasun handiagoa emanez beren arteko bikote jokoari.  

Beñat Apezetxea. Erreka pilota elkarteko aurrelari goizuetarrak asko eta ondo jokatu zuen, hasiera-hasieratik partidako protagonista nagusi izatera pasatuz. Bere joko polifazetikoa medio, alde batetik bestera dantzan ibili zituen aurkariak, eta horretarako, lehenik eta behin, eraso jokoan min egiten jakin zuen aukerarik txikienak ere aprobetxatuz, eta bigarrenik, defentsa lanetan ere ondo baino hobeto moldatu zen. Tiro azkarreko ehiztaria dugu goizuetarra, baina eskopeta azkar kargatzen duena ere bai hurrengo tirorako. Galdutako pilotarik ere izan zuen, erasoan batik bat, eta sakea luzeegi joandako bat.

Jon Lazkoz. Irurtzungo pilota elkarteko Arbizuko atzelaria oso ondo aritu zen, iaz baino brillo gutxiagorekin pilota astintzerako garaian, baina frontiseko altuera bilatu, eta ezker bezala eskuinez pilota bakoitza gozatuz, dotore. Pilotaria izanik, gorputza asko behartu gabe daki jokatzen, eta nahiz eta aurkariak ahalegindu ziren bere partzelara bideratzen jokoa, ondo erantzuten jakin zuen, eta azken aurreko tantoa berak egin zuen, aurreko koadroetara joanda, ondo egindako ziztada baten bidez, pilota inork jasoko ez zuen lekura bidaliz. 

Bigarren partidaren markagailu ibilbidea honako hau izan zen: 1-0, 1-2, 7-2, 7-4, 9-4, 9-5, 12-5, 12-9, 13-9, 13-16, 14-16, 14-17, 15-17, 15-18, 17-18 eta 17-22, Unai Amiano eta Gabirondoren alde.

Tantoen banaketam berriz, honako hau izan zen:

  • Oskoz: egindakoak 8 eta galdutakorik ez.
  • Erle: egindakorik ez eta galdutakoak 9.
  • Unai Amiano: egindakoak 12 eta galdutakoak 6
  • Gabirondo: egindakorik ez eta galdutakoak 4.

Pilotarien buruz:

Javi Oskoz. Arraitzen jaio, Lantzen bizi eta Oberena pilota elkartean jokatzen duen aurrelariak partida ona jokatu zuen, eta ez zuen merezi izan galtzerik. Ez zuen tanto bat bera ere galdu, eta zortzi egin zituen; izan zituen aukeretarako, asko da hori. Bere jokoari buruz esan behar da defentsa lanetan beti izan duen sendotasuna mantentzen duela, eta eraso jokoan salto bat egin duela gora, sakearekin ere min gehiago egitetik hasita, baina batez ere  aurreko koadroetako tantoak egiterako orduan, jarrera ausartago batekin, zehaztasun handiko erremateak eginaz. Triste, eta galdu izanaren penaz geratu zen.

Iñigo Erle. Lazkaoko pilota elkarteko atzelari oinatiarra, eta iazko 23 urtez mailako txapeldunetako bat. Oso txukun eta fresko sartu zen partidan, beti ere galdu ohi dituen pilota bat edo beste galduz, baina ondo. Norgehiagokaren bigarren zatian, ordea, bere jokoak beherakada nabarmena izan zuen. Lan asko egitea tokatu zitzaion, zazpiko koadroaren atzetik gehienetan, eta batzuetan dezente atzerago ere bai, 8. koadro inguruan botea egindako amianotar gaztearen pilotak ekarri nahian. Lan zail horietan ibiltzearekin batera, nekatu eta ahuldu egin zen itxurak hartu genizkion, eta ezaugarri txarrak dira horiek, edozein lanetan ere ondo aritzeko.  

Unai Amiano. Tolosako pilota elkarteko Irungo aurrelaria, eta norgehiagoka erabat hautsi zuena bere bigarren zatiko joko distiratsuarekin. Galdu beharrekoak ez ziren zenbait pilotekin huts egin bazuen ere, egindakoekin dozenako kopurua osatu zuen, eta bada zerbait. Berez ezkerra izanik, eskuina ere ez du txangoa, baina esku onarekin egiten du min, pilota abiada ikaragarrian jarriz, aurreko koadroetan bezala atzekoetan, eta kontutan hartzeko gauzak noski, bai horixe.

Arkaitz Gabirondo. Tolosako pilota elkartean jokatzen duen Gazteluko atzelaria. Juxtu samar hasi zen, eta eramateko ezer txarrik ez zuten pare bat pilota galdu zituen, bere buruarekin konfiantza gutxitxo balu bezala edo. Baina bere jokoak hobera egin zuen norgehiagoka aurrera zioan heinean. Ezkerrez txukun aritu zen eta eskuinarekin pilotakada dotorerik ere jo zuen. 

Bihar, abuztuak 3, jokatuko dira azken laurdenetako lehen partidak:

Gazte-jubeniletan: Labaka-Urtzi Egiguren / Ibarluzea-Elorz.
23 urtez azpikoetan: De La Fuente-Beloki / Fernandez-Azpiroz.