Hasi da Dinastia Etxaberen 51. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2023ko abu. 1a, 15:27

Atzo gauean eman zitzaion hasiera 51. Dinastia Etxabe lehiaketari, Aitzuri pilotalekuan. Fernandez eta Azpirozek lortu zuten garaipena lehenengo partidan; bigarrenean, berriz, Etxeberria eta Loza izan ziren garaile. Jexux Iribarrek honako kronika egin du txapelketako lehenengo partiden inguruan. 

Akats gehiegi izan zituzten aurtengo txapelketari hasiera eman zioten pilota partidek atzo arratsean, Aitzurin. Hutsegite hauek desitxuratu egin zuten une batzuetan pilotariak eskainitako joko ikuskizuna.

Ia ordubeteko iraupena izan zuen lehen partidak, non bi aurrelari errioxarren arteko lehian tantoak amaitzeko gaitasun faltarik ere nabaritu zen. Bigarrengoan, berriz, hasiera bateko joko tentsio eta bizitasunagatik bikote galtzaileak ez zuen norgehiagokaren zamari heltzerik izan. Bererik eman gabe erretiratu beharra izan zuten txapelketatik.

Hauexek izan ziren atzo gauean jokatutako partidetako emaitzak:

1. Gutierrez-Peñalver 12 Fernandez-Azpiroz 22

2. Lizeaga-Cuairan 6 Etxeberria-Loza 22

Honakoa izan zen lehenengo partidaren markagailu ibilbidea:

0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-6, 4-6, 4-8, 6-8, 6-11, 7-11, 7-12, 8-12, 8-14, 10-14, 10-15, 12-15, eta 12-22 Fernandez eta Azpirozen alde.

Honakoa izan zen lehenengo partidako tantoen banaketa:

  • Gutierrez: egindakoak 2 eta galdutakoak 9.
  • Peñalver: egindakoak 2 eta galdutakoak 5.
  • Fernandez: egindakoak 5 eta galdutakoa 1.
  • Azpiroz: egindakoak 2 eta galdutakoak 8.

Pilotarien jokoari buruz:

Sergio Gutierrez. San Cosme Pilota Elkartetik jokatzen duen Logroñoko aurrelaria asko saiatu zen, eta lan asko egin ere bai, baina tantoak amaitzeko errekurtso askorik gabe ikusi genuen une erabakigarri askotan, eta bikote lagunaren eskuko arazoak gehituta horri, ezinezkoa egin zitzaion partidua aurrera ateratzea.

Jonan Peñalver. Paz De Ziganda Ikastola Pilota Elkartetik jokatzen duen tafallartar pilotaria, eta iazko jubeniletako txapelduna. Penaz joan ze etxera. Sendo hasi zen, pilota astinduz, tarteka eskuinez ere bai, eta bere atzelari lanak ondo eginaz. Zerbait mingarria sentitu zuen ordea eskuin eskuan, eta erremedioak jartzen saiatu bazen ere, ez zuen lortu bere esku on hori behar bezala babestea, pilotari ematerakoan minik ez izateko moduan, alegia. Azkenerako luze egin zitzaion lehia, eta bere joko mailatik behera aritu behar izan zuen.

Jorge Fernandez. Gutierrezek bezala, San Cosme Pilota Elkartetik jokatzen duen Fuenmayorko pilotaria da. Elkartekidearen gisan, lan asko egin zuen eta tantoak egiterako orduan hark baino erraztasun gehiago erakutsi ere bai. Bost egin zituen guztira, baina ez lioke kalterik egingo errekurtso gehiago izateko saiakerak egitea. Gabezia hori, defentsa lanetarako duen gaitasunarekin konpentsatzen du ordea; pilota bakarra galdu zuen ordubeteko partidan.

Adrian Azpiroz. Irurtzungo semea, eta bertako Pilota Elkartetik jokatzen duena. Hasiera zalantzagarria eman zion norgehiagokari, pilota nahiko errazak galduaz, eta eskuin eskuarekin pattal, ezin gozatuz pilota. Pixkanaka konfiantza hartu zuen, beldurrik gabe kolpea tiratzen hasi zen pilotari, eta ezker eskuinez pilotakada politak eman ere bai. Galdu egin zuen gehiegi, baina egindako partidarekin nahiko gustura amaitu ote zuenaren trazak hartu genizkion.

Honakoa izan zen bigarren partidaren markagailu ibilbidea:

0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 2-7, 3-7, 3-8, 5-8, 5-16, 6-15 eta 6-22 Etxeberria eta Lozaren alde.

Honakoa izan zen bigarren partidako tantoen banaketa:

  • Lizeaga: egindakoak 4 eta galdutakoa 7. 
  • Cuairan: egindakorik ez eta galdutakoak 9.
  • Etxeberria: egindakoak 6 eta galdutakoak 2
  • Loza: egindakoak 2 eta galdutakorik ez.

Pilotarien jokoari buruz:

Uñaut Lizeaga. Astigarragako Mundarro Pilota Elkartetik jokatzen duen pilotaria da. Gogotsu eta zerbait itxurosoa egin nahian kantxaratu zen, baina bikote lagunaren sendotasun falta nabariak eragina izan zuen bere jokoan eta ohartu zenerako ihes egin zioten partiduak. Aukerako pilotetan tanto ikusgarriak egin zituen; hain aukerakoak ez zirenetan, tantoa egitera sartu ere bai, eta batzuetan pilota galdu eta bestetan aukerako pilota jarri aurkariari. Aurrelaria izanik ere, eta bidezkoa den bezala, tantoa aurre koadroetan egitea gustatzen zitzaion, pilotara ondo jarri eta atze koadroetara astintzen saiatu behar luke, denerako gaitasuna baitu. Gaztea da eta ziur ikasiko duela.

Javier Cuairan. Nafarroako erriberako Cortes herriko pilotaria da. Ezin ezer onik esan atzo egin zuen lanari buruz. Pilota errez asko galdu zuen, eta aurreko koadroetan bikote lagunak utzitako pilota frankoekin ere ez zuen minik egiten asmatu.

Oihan Etxeberria. Urte amaieran hamazortzi urte egingo dituen Oiartzungo pilotaria.Txukun jokatu zuen. Aukerako pilotetan tantoak eginez, ezker gantxoz bezala botera joaz pilota, eta sakatzeko orduan ere ondo. Egia esanda askoz gehiagorako ez zuen eman atzoko partidak, baina baditu pilotari itxurak.

Carmelo Loza. Baños Del Rio Tobiako semea, eta herri bereko Barberito Iº Pilota Elkartetik jokatzen du. Bera izan zen partidako pilotaririk onena. Bezperan Billabonan, Xantio Txapelketako finala jokatuta etorri zen arren, ez genion nabaritu gabeziarik alde horretatik, baina besteetatik ere ez. Hasieratik amaieraraino gogotsu eman zion pilotari, atzeko koadroetan nagusituz, aurreko koadroetara etorriaz sortzen ziren zuloak betez, eta huts bakar bat ere egin gabe. Oso ondo. Etxeberriaren kasuan bezala esan behar baita ere; uste baino errazago jarri zizkiela lanak atzo aurkariek.

Gaur, abuztuak 1, 23 urtez azpikoen mailako bigarren jardunaldia jokatuko dute:

1. Egiguren-Oliden vs. Apexetzea-Jon Lazkoz

2. Oskoz-Erle vs. Unai Amiano-Gabirondo