Lehen bi bikoteak sailkatu dira Dinastiako finalerdietara

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2019ko abu. 6a, 11:07

Bart arratsean jokatu dira azken laurdenetako lehen bi kanporaketak.

Hauexek emaitzak:

Gazte-jubenil mailan:
LARRAZABAL - AGIRRE, 22 / DE LA FUENTE - Mikel ETXEBERRIA, 10
23 urtez azpiko mailan:
GARCIA - ZEZEAGA, 22 / OLAETXEA - ALDAVE, 11

Lehenengo partidua azkar joan zen. Larrazabal-Agirre bikotea 1-6 galtzen egotetik 17-6 erabat nagusitzeraino pasa zen. Hortik aurrera De La Fuente eta Mikel Etxeberriak tanto batzuk bereganatzea lortu bazuten ere gerriko gorridunak izan ziren garaile 22-10eko emaitzarekin.

  • Iker Larrazabal izan zen diferentziak markatu zituen pilotaria. Eskubiarekin aparteko abiadura ematen dio pilotari eta bere gustoko pilota batekin aurkariak hautsita utzi zituen. Bestela ere bai, baina sakearekin egin zuen minik haundiena. Etxeberria botera bezela, De La Fuente airez ahalegindu zen Ikerren sake bortitzei aurre egiten, baina askotan ezin, eta guztira 9 pilota frontisera iritxi gabe geratutakoak. Agirrek ondo lagunduta errez atera zuen norgehiagoka aurrera aurrelari amurriotarrak, sakea aparte utzita beste 5 tanto ere egin zituelarik. Galdutako pilotak 3.
  • Gaizka Agirre Narbarteko pilotariak etzuen tantorik egin eta hiru pilota galdu. Atzelari jotzailea ez baina pilotan dakiena bai eta kontutan hartu beharreko bikotea izango da Larrazabal eta Agirrek osatzen duten hau.
  • Aingeru De La Fuente Eugiko aurrelariak 3 tanto egin zituen eta 5 galdu, hauetatik 3 sake-restoan. Traza oneko pilotaria baina atzo bererik eman gabe joana etxera eta pena da. Larrazabalen pilota aterata ere probatu zuen sakearekin min egiten baina ezin egin hark bezela.
  • Mikel Etxeberria tolosarrak hasiera polita eman zion partiduari baina Larrazabal sakatzen hasitakoan aldatu ziren gauzak. Kalbario dezentea pasatzea tokatu zitzaion, atzeko koadroetatik pilota ekarri ezinda sarritan gelditu zelarik eta ez saketan bakarrik.

Bigarren partiduak azken emaitzan bakarrik izan zuen lehenengoaren antza, hasiera batean azkar amaituko zela bazirudien ere. 10-0 eta 11-2 aurreratu ziren Garcia eta Zezeaga, baina 6 tantoko takada batekin 11-8, hiru tantora jarriak Olaetzea eta Aldave. 12-9, 14-10 eta 15-11 markagailuko paradak, norgehiagokaren berdintasun haundian isladatu zutenak, eta partiduaren laugarren zatia berriz, aurrenekoa bezela, gerriko gorridunak menperatutakoa, 22raino zuzenean joanik. Partidu gogorra eta latz piloteatua lau jokalarien aldetik. Azkenean bikote sendoena nagusi, galtzaileak zuten guztia emanik aurreko partiduan ez bezela.

  • Ivan Garcia iruñarrak 2 tanto egin zituen eta 3 galdu. Serio eta erregalorik egin gabe jokatu zuen. Erasoan gutxi arriskatzearekin batera defentsan pilota errez kentzeko gaitasuna du, batez ere ezkerrez, aurkari diren aurrelariari tantoa egiteko aukerak kenduaz eta atzelariari berriz lana pilatuaraziaz. Tanto egitera gehiago ausartu behar luke dena den.
  • Josu Zezeagak 4 tanto egin zituen eta beste 4 galdu. Ezker eskubiz pilotari latz eman zion, oraintxe atzera luzatuz oraintxe aurrekaldera moztuaz, bai txokora eta bai zabalera. Honek markatutako konpasean tokatu zitzaien ibiltzea atzo aurkariei, biak ere lehertuak partidaren azken zatirako. Benetan eraginkor bergararra, eta dotore ere bai pilotari emateko garaian. Oso ondo.
  • Josu Olaetxeak 3 tanto egin zituen eta 8 galdu. Aurreko partiduan baino hobeto jokatu zuen nahiz eta zenbakiak ez dioten horrela, eta hau aurkari gogorragoak zituenaren seinale garbia. Serio jokatu zuen eta jokoan bildurrik gabe sartu zen. Tanto gutxi egin izana Garciaren meritua ere bai noski baina hark bezelaxe ezker gantxoz pilota gehiagotara sartu behar luke, kontrakantxako marra ondoan botea eginarazten ikasiaz.
  • Joseba Aldavek tanto bakarra egin zuen eta zortzi galdu. Normalean baino pilota gehioago galdu zuen iantziarrak, eskutan ere erremedioak eginda etorria pilotaren eragina saiezteko, baina azkenerako hauek ere alperrik. Horrez gain zezen gogorrari aurre egitea tokatu zitzazion atzo eta ondo mozten dituen pilotak ere berarengana bueltan etorriak lehen aipaturiko Garciaren erreztasunagatik. Asko tokatu zitzaion ibiltzea kantxan, jaso behar zanean jaso, ekarri behar zanean ekarri eta eman behar zenean ere pilota gozatzen ahalegindu eta atzeko koadrotara bidaliaz. Pena txapelketatik kanporatua izana baina lasai egon daiteke iantziar pilotari fina, Dinastia Etxabeko pilotazaleak aho gusto bikainarekin utzita joan baita.

Datorren ostegunean, abuztuak 8, jokatuko dira azken laurdenetako bigarren kanporaketak, 22:00etatik aurrera, Aitzurin:

Gazte-Jubenil mailan: OSKOZ - URANGA / FERNANDEZ - APEZETXEA
23 urtez azpiko mailan: ZUBIZARRETA - ARTOLA / CANABAL - ARBIZU