Erabakita zer lau bikotek jokatuko dituzten finalaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2018ko abu. 15a, 17:13

LARRAÑAGA-ELIZEGI eta MATA-AIZPURU finalaurrekoak jokatzeko sailkatu diren laugarren bikoteak, meritu propioz eta asko kostata irabazi ondoren bart arratsean jokatutako bi partiduak.

Hauexek emaitzak:

1. ARIZTEGI-APEZETXEA, 17 / LARRAÑAGA-ELIZEGI, 22
2. CANABAL-SALEGI, 19 / MATA-AIZPURU, 22

Gazte-jubenilen norgehiagokan lau pilotariak orpoz-orpo eta elkarri ihes egiten utzi nahi ez eta pilotan serio jokatu zutenak 0-2, 1-2, 1-3, 3-3, 5-3, 5-4, 7-4, 7-5, 9-5, 9-6, 10-6, 10-7, 11-7, 11-8, 11-10, 12-10, 12-12, 13-13, 13-15, 14-15, 14-17, 15-17 eta 17-17ko berdinketara arte. Ia ordubete ere bai eman eta eman eta pilotari nafarrak azkenean behera egin zutenak eta Larrañaga eta Elizegi azken bost tantoak jarraian eginda 17-22 nagusitu zirenak. Partidu ona zalantzarik gabe, maila altuko bi atzelari nor baino nor zirti-zarta pilota majo libratuz frontisetik, eta aurrealdean ere erremate politak eginaz publiko agurgarriaren txalo zorta ederrak sortaraziaz tarteka. Pilota ikuskizun ona.

Hauxe pilotari bakoitzaren lanari buruz esan genezakena:

Oier Larrañaga Zumaiako Pilota Elkarteko oikiar aurrelaria. Bost tanto egin eta beste bost galdu. Ondo jokatu zuen, bikotelagun atzelariari bere jokoa egiten uzteaz gain lan horri etekin hobeagoa ateratzeko lagunduz ere. Ezker airea ondo erabili zuen, gantxoz lau tanto eginaz eta errematatzeko kinuz pilota frankoak utziaz bikotelagun Elizegiri. Defentsan ere ondo, galdutako pilotetatik hiru ezker gantxoz txapara joandakoak izanik, eta beste bat sake errestoan airez ere, ze sarturik ez zeukan pilota bat galduaz. Hankapetik pilota pasatzen uztearekin batera bote-prontoan jo eta jasotako pilota batek zeresanik sortarazi zuen pilotazaleen artean.

Iker Elizaegi Gazteleku Pilota Elkarteko atzelari andoaindarra. Bederatzi tanto egin eta zazpi galdu. Galdutakoak asko dira baina bederatzi tanto egiteko gai den atzelari bati pilota batzuk galtzeko eskubidea ere eman beharko diogu. Eskubiarekin latz eman zion pilotari, eta bazterreratuz gainera. Zortzi tanto horrela egindakoak, sei atzean eta bi aurrean moztuta. Bederatzigarrena eskubiz airezko boleaz pilota bat ekartzen ozta ozta txapa gainean jotakoarekin egina. Partiduaren azken zatian garbi nagusitu zitzaion ordurarte oso lan zailak jarri zizkion Apezetxea atzelariari.

Oier Ariztegi Baztango Txaruta Pilota Elkarteko aurrelari lekaroztarra. Bera laukoteko juxtuena atzo, bi tanto egindakoak eta hiru galdu. Ez zuen apartekorik erakutsi eta bi esku onekin mutil indartsuaren traza duen arren bere jokoa ez zen izan eraginkorra, ezta sakatzeko garaian ere.

Antton Apezetxea Erreka Pilota Elkarteko goizuetar aurrelaria. Bi tanto egin zituen eta bost galdu. Oso ondo jokatu zuen. Ezker eskubiz pilotari dotore emanez atzeko koadroetan eta aurrean ere tantoa egiteko gaitasunarekin, bere aldeko biak ezkerrarekin txokoan moztuta egin zituelarik. Eskubiarekin ere ondo daki moztu eta bazterreratzen pilota. Atzelaria izateko ez da mutiko haundia baina badu nonbaiten indarra eta pilotan jokatzeko egokiera ere bai. Ikustekoa zein ondo joaten den kolpea tiratzera kastigatuta atzeko koadroetara doazen pilotei. Partiduaren pisua berari ematea tokatu zitzaion eta azkenerako nekatu egin zen eta orduan akabo partidua, 17tik 22ra zuzen joanak aurkariak.

23 urtez azpikoen arteko norgehiagoka ere oso estua eta gogor borrokatua izan zen lau pilotarien aldetik, eta markagailuaren ibilbidea honen lekuko: 1-1, 3-3, 4-4, 6-4, 6-6, 6-10, 7-10, 8-10, 8-11, 9-11, 11-11, 12-12, 12-14, 14-14, 15-15, 16-16, 16-18, 17-18, 17-19, 19-19 eta 19-22 Mata eta Aizpururen alde. Hauek ziren hasiera batean katedrarentzeko faboritoak baina majo kostata lortu zuten aurrera ateratzea partidua. Canabal aurrelaria inongo konplexurik gabe ausart aurreko koadroetan eta Salegi eta Aizpuru nor baino nor atzeko koadroetan. Matak normalean galtzen ez dituen pare bat pilota galdu ere bai eta 6-4 irabazten faborito ez zirenak. Aizpururen gomendioz Matak beste pilota bat atera eta Salegik galdutako bizpahiru pilotekin, eta Mata ere bere onera etorriaz, 6-10 buelta markagailuan faboritoen alde. Baina kontuz, Salegik berriro ere txukun jokatzen eta Canabal ez zegoela barkatzeko, eta 11-11 bigarren berdinketa. Hortik aurrera hortxe lehia estuan diki-daka batean tantoak bi aldetara eroriaz eta azkenean gutxiago galdu zuten Mata eta Aizpuru partiduko garaile.

Pilotari bakoitzaren lana azpimarratzerakoan:

Unai Mata Oberena Pilota Elkarteko iruñar aurrelaria. Bederatzi tanto egin eta lau galdu. Zenbaki onak baina hobeagoak izan behar zutenak ohituak gaituen bezala gutxiago galdu izan balu. Ondo mugitu zuen pilota, eta ezin azpimarratu gabe utzi ezker gantxoz egindako hiru tantoetako bat, goitik behera emanaz pilotari, frontis eta kantxako eremuak elkarren hurre zituela ziztu bizian izkutatu zena kontrakantxan zehar. Ondo iruñarra, berea ematen dakien garantiazko pilotaria.

Julen Aizpuru Zazpi Iturri Pilota Elkarteko atzelari asteasuarra. Bi tanto egin eta hiru galdu. Juxtu xamar eta ez da harritzekoa, asko bezala partiduz partidu eta deskantsatzeko tarterik ere ez diogularik ematen. Freskotasunik gabe beraz baina txukun jokatuz hala ere, partidua irabazteko erabaki zuzenak hartuz eta ahaleginak egiten beti ere pilota zulorik haundiena dagoen lekura bidaltzeko.

Oihan Canabal Oberena Pilota Elkarteko iantzitar aurrelaria. Hamar tanto egin eta hiru galdu. Oso ondo jokatu zuen. Azken bi urte hauetan gorakada nabarmena egin du. Ez da pilotari bistoso horietakoa baina bai eraginkorra. Oso pilota zailak harrapatzen ditu aurrean eta tantoa azkar egin ere bai. Sakez hiru, ezker gantxoz beste hiru, botera ezkerrez txokoan eta zabalean bana eta atzean azken biak, eta hauek ez jotzailea haundia delako baizik eta asko mugiarazten dituelako aurkariak zabalera eta txokora. Ahalegindu zen hormabikoz sake atera eta bote altua eginaraziaz kontrakantxaz haratago bidaltzen pilota baina kanpora atera zitzaion. Oso ondo beraz Peru Labaka ordezkatzera etorritako pilotari nafarra.

Unai Salegi Ilunpe Pilota Elkarteko itziartar atzelaria. Bi tanto egin eta zortzi galdu. Galdu gehitxo baina ez zuen gaizki jokatu. Partiduaren hasieran oso ondo eta gero aurkariak pilota biziagoak ateratzerakoan, neurria hartu ezinik bezala hasierako tantoetan baina berehala egokituz. Ez dago ohitua konpromiso hauetako partiduak jokatzen baina ez zitzaion nabarmendu hainbeste bere egungo gabezia hau. Konfiantza pixka bat falta pilota zailak ekartzeko eta egokiak direnak kastigatzeko baina hartuko du jarraitzen badu jokatzen.

Datorren astean jokatuko dira bi finalaurrekoak, Abuztuak 20 eta 23an. Hauexek astelehen 20an jokatuko duten pilotariak 22:00tatik aurrera:

Gazte-Jubenilak: J.EGIGUREN-URANGA / Julen ALBERDI-GARTZIA
23 urtez azpikoak: EXPOSITO-ZEZEAGA / SALABERRIA-OTADUY