Final zortzirenak jokatuta, final laurdenetarako dena prest

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2018ko abu. 3a, 15:12

Zer kontatu ugari bart arratsean ikusitakoaz Aitzurin, onetik ere asko eta asebeteta etxeratu ginela esan behar.

Hauexek jokatutako bi partidetako emaitzak:

  *   LERENA-BIKUÑA  22  /  15   A. ETXEBARRIA-URIONDO
  *   ELOLA-ALDABE....17  /  22   MATA-O.ETXEBARRIA

Lehenengo norgehiagokaren argazki bat markagailuak egindako 0-5, 1-9, 7-9, 7-11, 9-11, 9-13, 13-13, 14-14, 15-14, 16-15 eta 22-15 ibilbidea. Azkenean galtzaile suertatu zen A.ETXEBARRIA-URIONDO bikote bizkaitarraren joko eraginkorra, LERENA pilotari errioxarraren asmatu ezinaren ondorioz sortua batik bat. URIONDO atzelariaren hasiera ikaragarriak hankaz gora utzi zuen bikote gorridunaren joko ahalegina, ezker-eskubiz pilotari latz emanez kantxako nagusitasun osoa bereganatuz. Aitor Etxebarriak aurreko koadroetan tantoa egiten asmatzen zuelarik, 9 eta 1 aurretik jarri ziren, partiduari aurre egiteko inongo aukerarik ez geniolarik ikusten LERENA-BIKUÑA bikoteari. Hauek bigarren tantoa egindakoan pilota aldatu zuten ordea eta gauzak aldatzen hasi ere bai, URIONDO lehen bezainbat gozatu ezinik eta LERENA ere pixka batt egokixeago jokatzen hasi zenean. BIKUÑAren partidu osoko seriotasuna eta Aitor Etxebarriaren justutasuna, gerriko gorridunak nagusitu izanaren arrazoi hein haundi batean, 21 eta 6ko partziala bereganatuz partidaren bigarren zatian.

Banan bana pilotarietaz aritzerakoan:

Oscar Lerena Naiara Errioxako aurrelaria, zortzi tanto egin eta zortzi galdu. Trakets hasi zen eta gerora pixka bat zuzendu baldin bazen ere, ez genion ikusi aurrelari batek tanto egiteko behar duen hainbat baliabide. Aukerako pilotetan ere ezker gantxoz sartzeko ausardia gutxirekin eta pilota errezetan berriz gauza zailak egin nahian. Bere jokoari errentagarritasun gehiago atera beharra dauka hurrengo konpromisoak aurrera atera nahi baditu.

Iñigo Bikuña Zazpi Iturri Pilota Elkarteko Antiguoko atzelaria, ondo. Garairik zailenean ere partidutik atera gabe, bera izan zen pilota aldatzeko erabakia hartu eta bikote laguna pixka bat zentratu arazi zuena. Ez du aparteko kolperik baina kantxa asko kubritzen du eta gutxi galdu, pilota bat bakarra partidu osoan, eta honek zerbait esan nahi du bere alde.

Aitor Etxebarria Lapke Pilota Elkarteko Nabarnizko aurrelaria, sei tanto egin eta bost galdu. Hasiera txukuna eman zion partiduari baina bikotelagunaren nagusitasunagatik ere bai. Tantoa egiterakoan pilota gehitxo galdu zuen eta horrek ondorio txarrak, aurkarien pilotarekin jokatzera behartzen zituelako eta gustuko erreminta ez denean nahi bezain eroso ezin sentitu edonor ere.

Endika Uriondo Leaibarra Pilota Elkarteko Gizaburuagako atzelaria, egindako tantorik ez eta bederatzi galdu. Sinesgaitza ikustea pilotari bera zela partiduko lehen zatiko jaun eta jabea eta gero prizti-prazta pilota galtzen ari zen hura, tarteka pilotakada ederrak eman arren eta eskuetako arazorik gabe beraz. Ikusgarria ondo jokatu zuen garaiko bere ekarpena, ezker-eskubi dotore pilotari kolpea tiraaz, eta kantxan bizkor ibiliaz. Pena, ordura arteko lan bikaina bigarren zatian itsusitu izana.

Bigarren norgehiagoka hobeagoa izan zen, parekotasun gehiagokoa 1-1, 6-1, 6-8, 7-11, 9-12, 9-14, 11-15, 15-15, 15-21 eta 17-22, markagailuko paradak erakusten duten bezela. Galdutako pilota askotxo izan bazen ere oso maila oneko tantoak ere bai, eta hasieratik amaieraraino erritmo edo abiadura haundian jokatutako partida izan zela esan behar. Eskerrak aurten ez dugula aurreko urtetako berorik pilotalekuan! Aurrekoan bezala hemen ere partiduko galtzaileak izan ziren hasieran agindu zutenak, ELOLA-ALDABE bikotea indartsu eta pilota bizi mugituz hasi zirelarik eta horri esker lortutako abantaila. Gerriko urdinekoak ez zeuden amore emateko ordea, eta atzelari Etxebarria gero eta hobetoago jokatzen ari zelarik, Mata aurrelari ausart bat ikusi genuen beste behin ere aurreko koadroetan, eta horrela sei eta batekotik seinako berdinketara. Hortik aurrera eurak izan ziren norgehiagokaren kontrola eraman zutenak hamabosgarren tantoan berdinduta egon baziren ere.

Bakoitzaren lana aipatzerakoan:

Unai Mata Oberena Pilota Elkarteko Iruñeko aurrelaria, zortzi tanto egin eta lau galdu: bat sakerrestoan eta beste hiruak erasoan txapa gainean uztera joan eta motz geratutako pilotekin. Tanto ikusgarriak egiteaz gain defentsa ona erakutsi zuen atzo ere, eta aurkariak mugitzen daki, zuloa dagoen lekura bidaliaz pilota. Kategori haundiagoan jubenil adineko pilotari honek eman zezakeena oraindik ikusteko geunden, eta ez zigun hutsik egin, ondo baino hobeto egin zituen lanak bere bikote lagunaren lan onari etekin ezin hobeagoa ateraz.

Oier Etxebarria Lemoako Pilota Elkarteko Igorreko atzelaria, tanto bat egin eta hiru galdu. Eskubia minduta eduki ondoren, entrenamendu eta partidurik jokatu gabe nonbait eta, beldur pixka batekin etorri zela esan zigun partiduaren atarian. Nabari zitzaion bai hasieran eskua pixka bat gorde egiten zuela pilotari emateko garaian, baina sentsazio onak nonbait eta behin konfiantza hartu zuenean ez zitzaion nabaritu aparteko gabeziarik. Asko tokatu zitzaion ibiltzea kantxan, bai Elolak, sake eta guzi, eta bai Aldabek bizi ematen ziotelako. Pilota txar asko ekarri beharra izan zuen atze koadroetatik, berriro aurrera ere etorriaz txokoa zaintzera. Ondo beraz Matarekin batera norgehiagoka aurrera ateratzera lortu zuen igorretarra, eta hurrengo kanporaketa jokatu ezingo duena. Aurtengo txapelketan ezin izan genuen sartu Oier oporretara zihoalako Abuztu erdialdean, laurdenetako partidurik ezin izango zuelako jokatu. Gauzak horrela Matarekin jokatzekoa Aizpuru zen hasiera batean, baina honek jakitera emana zuen bere garaian ezingo zuela abuztuaren 2an jokatu aurrez hartutako konpromisoak medio. Ondorioz eskatua Oierri Matarekin jokatzea atzo, irabaziz gero Aizpuruk beteko zuelarik bere lekua, azkenean suertatuko den bezala. Bi arrazoi beraz igorretarra eskertzeko, jakinda irabazita ere ezingo zuelako jarraitu jokatzen etorri izanagatik jokatzera, eta behin etorrita bere lana ondo egiteagatik ere.

Iñaki Elola, Tolosako Aurrera Pilota Elkartetik jokatzen duen Bidaniako aurrelaria, bederatzi tanto egin eta beste horrenbeste galdu, denetik asko beraz. Orain bi urte baino askoz hobeto, eta tantoa egiterakoan egin zituen hutsik haundienak, baina ahalegindu gabe ez da ikasten eta garbi geratu zen ezkutatzeko ez daukala ezer. Postura denetan jo zuen pilota, baita ezkerrez goitik behera boleaz matxete erara, eta tanto egin gainera. Kolpe bizia duelarik sakez abiada haundia ematen dio pilotari, eta ezkerrez ere ondo luzatzen du atzera. Aurreko koadroetan dauka gehiago ikasi beharra tantoa egiten, ezker gantxoa erabiliaz batik bat.

Joseba Aldabe, Oberena Pilota Elkartetik jokatzen duen Iantzitar atzelaria, tanto bat egin eta lau galdu. Ondo jokatu zuen eta partidaren lehen zatian hobeto bigarrengoan baino, asko dantzatu zuen pilota, bai atzera eta baita moztuaz ere txokora. Bigarren zatian galdutako bizpahiru pilota izan ziren bere lana pixka bat desitxuratu zuena, baina pixka bat bakarrik, eta pena zuen berak ere partidu amaieran. Bi esku on ditu eta errez ibiltzen da kantxan, aurrelariaren bizkarra ondo zainduaz beti. Ondo beraz Iantzitarra.

Datorren astelehenean Abuztuak 6 jokatuko dira azken laurdenetako lehen bi norgehiagoka, jubenil mailako pilotariak tarteko direlarik ohiko legez:


1 J.EGIGUREN-URANGA / MURUA-OSA
2 ZUBIZARRETA-GASKUE / Jon ALBERDI-ZEZEAGA