Erabaki da zer lau bikotek jokatuko dituzten Dinastia Etxabeko finalaurrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2016ko abu. 13a, 09:04

Riol-Aizpuru eta Salaberria-Arratibel finalaurrekoak jokatzeko sailkatu diren azken bi bikoteak bart arratseko pilota partiduak irabazi ondoren.

Hauexek emaitzak:

1.     ELOLA-ANDUAGA………….…3  RIOL-AIZPURU…..….22

2.     SALABERRIA-ARRATIBEL…22  PRADO-ETXEGOIN…11   

Aitaren batean amaitutako lehenengoaren ondoren maila oneko pilota ikuskizuna bart arratseko bigarren partidukoa.

Kolore bakarra eta kontatzeko askorik ez jubenil mailan jokatutakoak, 0-14 eta 1-18ko partzialekin 22 eta 3 irabazi zutelarik Riol eta Aizpuruk. Garaileak ondo eta gaizki galtzaileak, aurkariei aurre egiteko gai izan zitezkenaren aztarnarik eman gabe partidu guzian zehar.

Aipatu beharrekoak Unatx Riol portugaletetarraren trebezia aurekoadroetan 6 tanto eginaz, bi ezker gantxoz, beste bi ezker airez ere txokoan utziaz pilota, goitik behera bolea eskubiz jota bostgarrena eta zabalean dejadaz kurioso utzitako pilotarekin egindakoa seigarrena. Julen Aizpuru asteasuarra berriz beti bezain dotore pilota jotzerako orduan eta atzo erreztasun haundiz aurkaria atzeko koadroetan mantenduaz partida guzian zehar. Erresistentzi askorik gabe, apenas izan zuten aukerarik duten guzia emateko baina bikote polita osatzen dutela garbi ikusi zen eta etorriko dira garaiak horretarako.

Bigarren norgehiagoka uste baino errezago irabazi zuten behar bada gerriko gorridunak baina pilotan jokatuta. Prado eta Etxegoienek aurreko partiduan erakutsi zuten kontuan hartzeko bikotea zela urrats haundiagoak emateko ere, baina atzo aurkari gogorrekin egin zuten topo eta ezin aurrera egin. 0-2, 2-2, 10-2, 11-4, 14-5, 19-9 eta 22 eta 11 nagusitu ziren Salaberria eta Arratibel hasieratik amaieraraino serio eta ondo jokatuz.

Aipamenak egiten hasita Iker Salaberria goizuetar pilotari trebearentzako aurrena. Bagenuen kezkatxoa iaz txapelketako errebelazio izanagatik oraindik 16 urte dituen mutikoak eman zezaken errendimendutaz maila haundiago batean jokatzeko jartzean, baina laster uxatu zizkigun zalantzak Pradori kontraerasoan txokoan sartutako bi tantorekin, bat ezker gantxo bati erantzunez zabaletik eta bestea txokotik txokora moztuta tantoa zirudien pilota zail bat arrapatuz. Inoiz ere kokildu gabe eta uneoro egin behar zena eginez hamaika tanto egin zituen, txokoan aipatuz gaineko beste bi, ezker gantxoz hiru, zabalean botera moztuta bat, sakez ere bai bat, eta ormabikoz pilota ziztu bizian kontrakantxara bidaliaz beste biak, ezkerrarekin jotakoa izan zelarik gehien txalotuenetakoa publiko pilotazalearengandik.  Atzelari lanetan lagundu zion Ibai Arratibel ataundarrak ere oso partidu ona jokatu zuen, hasieran atzean galdutako pilota bat eta erasoan aurrekoadroetan txapaz behera botatako beste bat izanik atzoko okerrak. Suelto aritu zen pilotan, ezkerrez libratu eta eskubiarekin min eginaz aurkariei moztu eta luzatuz ezker ormaren kontra. Atzetik aurrera etorri eta pilota zailak jasotzeaz gain zabalean eta txokoan tanto bana egin zuen aurrekoadroetan moztutako bi pilotakin. Adrian Prado najerarra saiatu zen atzo ere baina hezur gogorrari hozka egitea tokatu zitzaion eta ezin izan zuen menderatu, Salaberriak bere gustoko joku eremutik atzera ateraarazten zuelako defentsako lanak zailduz alde batetik eta zehaztasun haundiz egiten etzituen erasoko errematetan min haundia egiten ziolako kontraerasoan bestetik. Hala eta guztiz lau tanto lortu zuen egitea, galdutakoak bi. Ez nahi degulako baina Iñaki Etxegoin Donibane garazitarrari eman beharko genioke notarik txarrena lauretan, gehiago jokatu beharko zukealarik era honetako konpromisozko partidu gogorretan.  Nahiz moztuaz nahiz luzatuz ondo pilotari ematerako garaian eskubiz bere alboko posturarekin atzo ere, bi tanto egin zituelarik, baina dezente galdu zuen, zazpi pilota denera eta gehienak.

Gauzak horrela finalaurrekotan sartu gera jada eta hauexek egutegiaren araberako data eta neurketak:

Abuztua 16

1

Anso-Cordon(*)

Alberdi-Ibarloza

Jubenilak

2

Zubizarreta-Erasun

E. Labaka-Otadui

23 urtez azpikoak

Abuztua  18

1

Exposito-Aranguren

Riol-Aizpuru

Jubenilak

2

Peru Labaka-Sanchez

Salaberria-Arratibel

23 urtez azpikoak

(*) ZEZEAGAren ordez

Ohar garrantzitsua: Gerta daiteke izendatutako karteldegian aldaketak izatea Abuztuaren 16an Eneko Labakak Donostiako Antiguako txapelketan ere jokatzea tokatzen zaiolako. Ahaleginduko gera ondo irabazitako aukera ematen Enekori sailkatuen beste txapelketako emaitz eta gainontzeko konpromisoak kontuan izanik, eta nola nahi ere izango dezute erabakitakoaren berri.