Jon Maiak ez du Txapelketa Nagusian parte hartuko

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Eskola 2022ko mai. 3a, 13:26

Zazpi Txapelketa Nagusiren ondoren, eta horietako lautan finalean kantatuta, Jon Maiak agur esan dio Txapelketari.

Jon Maiak agur esan dio txapelketari. 1993tik zazpi Txapelketa Nagusitan hartu du jarraian. Lau finaletan kantatu du eta 2009an hirugarren postua egin zuen, Lujanbio eta Arzallusen ondoren, eta Egañaren aurretik. Beste proiektu batzuek bere jardunean hartu duten pisua medio, ez du ikusten txapelketa behar bezala prestatzeko aukerarik izango duenik eta bere ibilbidearen atal hori agur esatea erabaki du.

Txapelketa autosuperazio borroka konstante bat izan dela dio Jon Maiak, eta ez bertsotan bakarrik. Zumaiarrak oso testigantza intimoa eta interesgarria eskaini dio Bertsoa.eus guneari: Txapelketa beretzat zer izan den, bere identitate eta konplexuak askatzeko zenbat balio izan dion, bertsotan eman zezakeenera ezin hurbildua, hainbat bertsolarirekin oholtza partekatu izanaren esker ona... eta oraindik plazetan jarraitzearen "garaipena". "Finalek distira handia dute baina niretzat garaipenik handiena da oraindik ere plazan kantatzen jarraitzea" adierazi du zumaiarrak. Eta ez hori bakarrik. "Bertsotatik ez naiz inoiz erretiratuko. Bertsoa da nire etxea".