Donosti’ko estropadak

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Eskola 2018ko ira. 6a, 14:37
Zumaiarren trainerua, zehaztu gabeko urtean. Zumaiako Fototeka

Bertso berriak Kale Berriko batek jarriak.

Duela hilabete batzuk Baleikeko bazkide batek deitu zuen bulegora: bazeuzkala bertsopaper zahar batzuk, estropadei buruzkoak, eta ea interesatzen ote zitzaizkigun. Arantxa Aizpurua Zinkunegi da bazkide fin hori, eta bisitan joan gintzaizkion Arabako etxera, Aiaraldeko Menagarai herrira. Bertso sorta honez gain, beste argazki eta agiri asko ere erakutsi zizkigun.

Bertsoak norenak ziren ez zekiela esan zigun Arantxak, behean K.B hizkiak besterik ez zirela ageri; hala ere, nahiko erraz atera genuen arrastoa, zati batzuk lehen ere irakurriak genituelako: …Zumaia kapitan / ta pare bat urtian / baleike Jeneral. Joanito Dorronsorok eman zuen bertso horren berri Baleike aldizkarian 2003ko irailean. MANUEL OLAIZOLA da egilea, baina ez Uztapide ezaguna, gazterik Donostiara joandako zumaiar bat baizik. Kale Berrian jaio zen, gaur egungo Mari kalean, eta horregatik sinatzen zuen K.B. Beste sorta batzuekin batera Euskal senaren mintzoa liburua argitaratu zuen 1991n, eta saiatuko gara pixkanaka hango bertso gehiago hona ekartzen.

Manuel Olaizola Sarria

1969ko irailaren 16an ateratako bertsoak dira hauek eta, akats txiki batzuk zuzenduta, jatorrizko idazkeran eman ditugu. Merezi zuten agertzea, baina ez daude jasota Antonio Zavalaren Estropadak bertsotan bilduman; ikusi ez zituen seinale. Izan dezagula laster horrelako bertso gehiago jartzeko aukera!

          -1-
Emeretzigarrengo
dijuan mendean
irurogei urte ta
beatzi gañean
agorraren zazpiyan
eta amaseian
estropada bikañak
Donosti ertzean
jokatu izan dirade
oi dagon tankeran

          -2-
Estropadak badute
betiko iskanbilla
gai orretan tajutu
dira bertso pilla
eta ni izango banitz
ortako abilla
gaur jarriko nituzke
baita beste milla
emen alai goratzen
Zumai’ko kuadrilla

          -3-
Zumaiarrak dirade
ontzi egilleak
motorrak eta tresnak
eziñik obeak
baña itxasorako
ez ziran zaleak
Orain azaldu dira
or ere trebeak
lasai ustu dituzte
askoren sakelak

          -4-
Zortzi dira aurtengo
estropazaliak
Ondarrabi, Lasarte
gallendu jarriak
Astillero, Zierbana
portu bereziak
Pasai’ko bikotia
adorez betiak
Donosti ta Zumaia
azkentzat lagiak

          -5-
Jaungoikuaren nayak
iñork ez dakizki
Zumaia bere txandan
jarri zan lenbizi
San Pedro eta Donosti
atzetikan larri
Zierbanatarra berriz
zebillen urruti
ta iñork uste ez zuna
Zumaia nagusi

          -6-
Biarrenguen txanda
jokatu zan gero
Lasarte aurretikan
irten zan ezkero
San Juan bere ondoren
ekin zuan bero
Ondarrabin papera
obe zan espero
eta danen atzetik
an zan Astillero

          -7-
Bandera jokatzeko
Lasarte zan aurren
Sanjuandarrak bigarren
Zumaiarrak urren
laugarren Donostia
danak onak ziren
bentaja aundirikan
iñorrek ez zuben
Pillota tellatuan
oraindik zegoen

          -8-
Gero asteartian
igandian ezin
eguna argitu baizan
aize gorrarekin
jokatu zan bandera
giro onarekin
gauzak geratu ziran
danentzako berdin
eta nere kartera
leno bezin arin

          -9-
"Quinto" giñala beti
zioten auzuan
orain aintza geiago
badegu buruan:
Lasarte Koronela,
Komandante San Juan
eta bere merituz
Zumaia kapitan
ta urte pare batian
baleike Jeneral.

          -10-
Orretako bear da
kementsu jarraitu
alkartasun biziyan
erri dana batu
San Pedro arrantzalia
zaindaria degu
orrei ere laguntza
biziro eskertu
berriro bear bada
ez dedin ukatu