Denboraldia asentatzen

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko mar. 23a, 12:00

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko txirrindulari juniorrek Azpeitian, San Jose Sarian, lasterketa ona egin zuten, baina nahi bezalako emaitzarik ez zuten jaso. 

120 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta 70ek bakarrik lortu zuten helmugako pankarta zeharkatzea; horien artean, Beñat Sainz 15. izan zen, Aratz Unanue 21. eta Danel Beristain 34. Hiru txirrindulariek pelotoia nagusian ekin zioten lehen malda tenteari, Domusa enpresatik Urrakira doan bide pikoari, baina errepideak bakoitza bere tokian jarri zuen. Bigarren igoera osatuta, top 10erako borrokan zen Beñat Sainz baina Urrakiko jaitsieran, helmugarako gutxiren faltan, matxura izan zuen; bizikletaz aldatu eta ordezkoarekin gutxienez 15. tokian amaitzeko gauza izan zen.

Asteburu honetan Antzuolan Uzarragako igoera jokatuko dute larunbatean (aurretik Deskarga gaindituta) eta igande goizean, berriz, Altsasun 100 kilometroko lasterketa exijentea izango dute.

Kadeteek igande arratsaldean Zarautzen izango dute lasterketa.

Txirrindularitzan ondo egoteaz aparte, lasterketan zortea ere alde izan behar dela garbi ikusi du Aitor Agirrek. Zamoran bi klasika jokatu ditu eta bietan une erabakigarrian, lasterketa erabakitzen ari zenean eta lehen multzoan eroso zihoala, zulatuak izan zituen. Zamoran 66. amaitu zuen eta Muelas de Panen 35.

Mattin Salegiri Extremadurako Itzulian osasuna ez zuen lagun izan eta tripetakoarekin kasta erakuts zuen eta hiru eguneko itzulia amaitzea lortu zuen. Garaipen handia Eulen-JiraBirako txirrindulariarentzat, ibilbidea ikusi eta bere egoera fisiko ahuldua kontutan izanda.

Nesketan, Maite Urteagak Beasainen Espainiako kopako lasterketa 37. tokian bukatu zuen eta kadete mailan Laia Zumeta 57.a izan zen.

Asteburuko garaipena Zumaiako Txirrindulari Elkarteari Galder Zumetak eman zion. Irunen garaile izan zen, aurkariak atzean utzita Aizarnazabalgo benjaminak. Alebinetan berriz ere podiumera igo ziren Amalia Agirre  eta Amaia Agirre, eta infantiletan Borja Osak ere podiuma zapaldun zuen.