Agirre ahizpek podiumetik jaitsi gabe jarraitzen dute

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko ots. 9a, 14:00

Itsasondon izan zuten igandean lasterketa Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txirrindulari gazteenek, BTT lasterketa, hain zuzen. Zirkuituan lokatz faltarik ez, baina gogotik gozatu zuten harrobiko figurek.

Podiumarekin harreman zuzena bizitu dute Agirre ahizpek; alebin mailan hortxe dira jardunaldia joan jardunaldia etorri podiumean. Lasterketa guztietan burutik gertu dabiltza, eta hauengandik gero eta gertuago Mairi Lejarreta. Amalia Agirre bigarren sailkatu zen, eta Amaia ahizpa hirugarren Itsasondon. Mutiletan Mikel Otaño izan zen Zumaiako T.E.-ko ordezkari bakarra, lasterketa polita eginez. 

Alebinetan, Galder Zumeta lehen hirurekin batera izan zen lehian; Denis Otaño ere egoera gero eta hobeto menperatuz bikain aritu zen. Infantiletan, Inge Zumeta, saiatua denez eta leihakorra, astetik astera hobetzen ari da eta podiumera gerturatzen. Inauterietako jaiak pasa ostean, elkarteko gazteenek Lazkaon izango dute lasterketa, pistako teknika lantzeko helburuarekin.

Essor Basque: bi zumaiar lehian

Eulen-JiraBirarekin debutatu du Iparraldeko lasterketetan Mattin Salegik. Oso karrera gogorrak dira Essor Basquekoak, ibilbidea baino gehiago bertan izaten den mailagatik, eta Mattin Salegi gai izan da asteburuko bi lasterketak bukatzeko. Gainera, pelotoitik ia bukaeran atzeratuz. Beraz, estreinaldi ona izan du, nahiz eta gogotik sufritu duen lasterketako erritmo bortitzari eutsi nahian. Lehen etapan 130. sailkatu zen Mattin Salegi, irabazlearengandik 13 minutura, eta bigarren etapan 132.a izan zen, lehenarengandik 8 minutura.

Aitor Agirrek Euskadiko Selekzioko mailota jantzita hasi du 2024 denboraldia. Aurreko urteetatik ezagutzen du lasterketa, eta bazuen hauen gogortasunaren berri. Ederki erantzun zuen, lehen etapan bosgarren posturako borrokan heldu zen pelotoian helmugaratuz (56. Sailkatu zen); bigarren egunean, aurrean zebilenean, zulatu batek atzeratu zuen, lortu zuen ondoren pelotoi nagusian sartzea baina arazo mekanikoekin hasi zen eta kanbioa matxuratuta, ezin izan zuen lasterketa bukatu. Garbi gelditu da euskal selekzioan eta etorkizunean Laboral Kutxan, funtsezko gizona izango dela taldearen estratejian.

Asteburu honetan hiru lasterketa izango dira Essor Basquen: Donapaleun, Donibane Garazin eta Maulen.