Oñatz Etxabek bukaera bikaina eman dio 2023ari

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2024ko urt. 5a, 15:00
Oñat Etxabe, puntuaketa probako une batean. (Martin Early)

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko Oñatz Etxabe txirrindulariak pistako jardunaldirik borobilena osatu zuen pasa den larunbatean. Keirin eta puntuaketa probak irabazi zituen, parte hartutako bi probak hain zuzen ere.

Keirin proban hiru txanda lehiatu ziren eta bi irabazi zituen, eta hirugarrenean bigarren sailkatu zen. Beraz, sailkapen nagusia beretzat izan zen. Keirina irabazi eta puntuaketa saioan os-ooso azti ibili zen. Azkenaurreko puntuaketaren ondoren erasoa jo eta bakarrik alde egin zuen. Oñatz Etxabek tartea ireki zuen pelotoiarekiko; bertako txirrindulariak elkar zaintzen hasi ziren eta, bitartean, Aizarnazabalgoak ateratako tarteari eutsi zion eta azken puntuaketa bikoitza eraman; puntu guztien batuketa egin eta puntu bakar batengatik, baina garaipena lortu zuen. Puntu batera sailkatu ziren Valle asturiarra eta Monreal nafarra. Oñatz Etxabek bikain lehiatu zen.

Iker Eizagirrek eta Beñat Sainzek madisonean parte hartu zuten. Ez ziren oso ondo egokitu lasterketara, baina asko ikasi zuten, open mailakoekin batera lehiatutako madisonean. Bi puntuaketak zazpigarren amaitu zituzten eta kanporaketa, berriz, seigarren. 

Abenduaren 30eko pistako jardunaldia berezia izan zen, keirin, puntuaketa eta madison lasterketak jokatu ziren, oso proba teknikoak direlako eta ohiko jardunaldietan ezin direlako landu. Horrelako beste jardunaldi bat ere izango da pistako denboraldia agortu aurretik. 

Pistako Gipuzkoa Challengea urtarrilaren 12an, ostiral arratsaldean, bukatuko da; bertan, Beñat Sainz saiatuko da sailkapen nagusian duen bigarren postuari eusten, matematikoki ezin baitu lehen postua lortu.

Ziklo krosa Ormaiztegin

2024a estreinatuko duen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko lehen txirrindularia Lukas Blanco izango da. Igandean, urtarrilak 7, Ormaiztegiko ziklo krosean parte hartuko du; horixe izango du azken lasterketa zarauztarrak hilaren 14an Amurrion jokatuko den Espainiako txapelketaren aurretik.