Bikain Salegi 'premundialean'

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko ira. 8a, 17:37
Mattin Salegi, Beasaingo lasterketan.

Espainiar estatuko junior mailako txirrindularirik onenak irteeran zirelarik, Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Adur Tapia taldeko liderra, gaixorik, parte hartu ezinda gelditu arren, mailota erakutsi zuen taldeak Beasainen jokatutako mundial aurrekoan.

Bathco taldeko Abel Rosadok irabazi zuen lasterketa eta azken mendatera arte Mattin Salegi, indartsuenen taldean, ondo defendatu zen. Bosgarren gipuzkoarra izan zen Mattin Salegi helmugan, 115 kilometro egin eta bost mendate gainditu ostean. Gogotik sufuritu zuen Salegik, baina gelditzen zitzaizkion indar gutxiekin, sufritzeko ahalmenarekin erantzun zion. Eneko Aranguren ere bikain aritu zen. Bezperan, gainera, lasterketa handia egin eta zortzigarren sailkatuta zen Ibarran; Beasainen onenetatik gertu ibili zen Aranguren. Beasainen Mattin Salegi 28. sailkatu zen irabazlearengandik 2 minutu eta 48 segundora; Eneko Aranguren ondorengo multzoan helmugaratu zen, 59. Tokian, 6 minutu eta 13 segundora. Lasterketa erdia pasatxo gaindituta, utzi zuen karrera Andde Etxanizek. 

Eneko Aranguren Beasaingo lasterketan.

115 kilometroko etapa, bost mendaterekin, txirrindualriek 41,798 kilometro orduko batez besteko abiaduran osatu zituzten. 154 txirrindulari izan ziren irteeran eta 83k bakarrik bukatu zuten. Parte hartzaileen mailagatik denboraldiko lasterketarik onenetakoan nabarmendu da beraz Mattin Salegi.

Beasainen igandean izan bazen ‘premundiala’, bezperan Ibarran 93 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren juniorrak, eta bertan hainbat txirrindularik igandekoaren beldurrez hanka altxa zuten. Ez zen hau Eneko Arangurenen kasua izan eta lasterketa itzela osatu zuen zortzigarren bukatuz, irabazlearengandik 43 segundora; Mattin Salegi 24. sailkatu zen malda tentean bukatutako lasterketan, 4 minutura, eta azken kilometroetan utzi zuten karreratik kanpo epaileek Andde Etxaniz. 86 txirrindulari izan ziren irteeran eta 38k bakarrik lortu zuten helmugako marra zeharkatzea. 

Asteburu honetan amaituko dute denboraldia Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistek. Jubenilek larunbatean Oñatin dute lasterketa eta igandean Liernin.