Talderik onena

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko abu. 27a, 16:00
Zumaiako lau txirrindulariak, Digaztelun.

Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldeko Mattin Salegik, Andde Etxanizek, Adur Tapiak eta Eneko Aragurenek denboraldiko lasterketarik borobilena egin zuten Astigarragan aurreko larunbatean.

Karrera irabaztea ederra da, baina taldeka onena izatea ere oso polita da, talde guztiaren saria baita, guztien artean lortutakoa. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu talderik onena izan zen Astigarragako Iruki sarian. Taldea lau txirrindularik osatzen dute, eta laurak lehen urtekoak dira; beraz, meritu ikaragarria du taldekako garaipenak. Lau mutil horiek zortzi, hamabi edo hamalau kidez osatutako taldeen aurka lotu dute garaipena, eta esan beharrik ere ez dago lau txirrindularirekin egoera guztiak kontrolpean izatea zeinen zaila den.

Mattin Salegik, Andde Etxanizek, Adur Tapiak eta Eneko Aragurenek denboraldiko lasterketarik borobilena egin zuten Astigarragan aurreko larunbatean. 95 kilometroko ibilbide oso zaila zuen karrerak: biribilguneak, bihurguneak, eta zubi estu-estu bat baserri bide zail batez hornitua. Pelotoirik ez zen ia ikusi ere egin lasterketa osoan, denbora guztian luze-luze eginda, bateko ilaran ibili ziren txirrindulariak, karrera oso lasterketa teknikoan bihurtuz; indarra ere behar zen, etengabe frenatu eta arrankatu egin behar baitzuten.

Zirkuituari bost itzuli eman zitzaizkion, eta lasterketa erdian ihesaldia osatu zen eta bertan sartu zen Mattin Salegi. Bederatzi txirrindulari on buruan zirelarik, bi itzuli faltan atzetik hiru ziklistek aurrera egin eta hortxe Andde Etxaniz sartu zen, eta azken itzulian horiekin beste lau txirrindularik bat egin zuten, eta hor Adur Tapia zegoen. Multzo guztietan ordezkaritza zuen talde bakarra izan zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu.

Helmugan, Mattin Salegi zazpigarren sailkatu zen (denboraldiko emaitzarik onena), Adur Tapia hamabosgarren, Andde Etxaniz hemezortzigarren, eta Eneko Aranguren 25. Lasterketa 112 txirrindularik hasi zuten eta 51k bukatu, eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko lau txirrindulariak 25 lehenengoen artean sailkatu ziren, karrera on bat emaitza on batekin borobilduta.

Lasterketa Eneko Ortega elgoibartarrak irabazi zuen, ondoren Yeray Sastre (Carlos Sastre Tourreko irabazlearen semea, MMR) eta Lucas Guillermo (Contador fundazioa) sailkatu ziren. Zalantzarik ez zegoen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldekako sailkapenean aurrena izango zela. Txirrindulariak azkar ibli ziren hain ibilbide korapilatsuan: 95 kilometroak ia 42ko batez besteko abiaduran osatu zituzten.

Lehenengoa izaten omen da zailena; izan ere, Astigarragako garaipenari lekukoa Deikazteluko garaipenak hartu dio. Nafarroako herrixka horretan, oso zirkuitu ezberdinean, asteazkenean lasterketa izan zuten jubenilek, eta bertan Adur Tapiak, eguneko ihesaldi onean sartuta, hirugarren amaitzea lortu zuen maldan gora bukatutako karrera.

Eneko Arangurenek, lasterketa ona eginez, hamahirugarren postua bereganatu zuen, eta Andde Etxaniz 37.a izan zen. 49 txirrindularik bakarrik bukatu zuten lasterketa abiatutako 85etatik. Mattin Salegik unerik txarrenean zulatua izan zuen, eta zortzi kilometro faltan, lasterketatik kanpo utzi zuten, ez zioten lasterketa bukatzen utzi helmuga gertu izan arren.

Lasterketako 30 lehenengoek ondoren kronoigoera jokatu zuten, eta bertan Espainiako txapeldunak, Yago Agirrek, irabazi zuen. Adur Tapia zazpigarren sailkatu zen, eta Eneko Aranguren 16. Taldeka Viveros San Anton-Exclusivas Mardu izan zen onena, eta lau taldekideak, Astigarragan bezala, podiumera igo ziren.

Asteburu honetan kadeteek Murietan (Nafarroa) dute lasterketa, eta asteartean Lakuntzan (Nafarroa). Bi karrera horiekin errepideko denboraldia bukatutzat emango da. Jubenilek asteburu honetan ez dute lasterketarik, baina ondorengoa gogorra izango dute, Gipuzkoan jokatzen den klasikarik garrantzitsuenetakoa jokatuko baitute: Premundiala, non Estatu Espainiarreko taldeen rankineko hamar lehenengoetatik bederatzi bertan izango diren.