Viveros San Anton bikain Zarauzko gau kriteriumean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko abu. 12a, 16:11

Sodupen nahiz eta Adur Tapiak eta Eneko Arangurenek lasterketa oso ona egin, ezin esan Viveros San Anton-Exclusivas Marduren lasterketarik onena izan denik, karrerako 20. kilometrorako atzeko taldean etenda gelditu baitziren Mattin Salegi eta Andde Etxaniz, eta ondorioz ez ziren lasterketa bukatzeko gai izan. 

Egoera honetan bi txirrindularirekin bakarrik multzo nagusian ezinezkoa zen ahalegin guztietara erantzutea. Hala ere, oso ondo defendatu ziren Adur Tapia eta Eneko Aranguren. Adur 14. sailkatu zen Euskal Herria Torneoko azkenaurreko lasterketa puntuagarrian; Uncilla liderraren multzotxoan helmugaratu zen irabazlearengandik bi minutu eta zazpi segundora. Hamaseiko talde horretatik bost segundora heldu zen multzo nagusia eta bertan zen Eneko Aranguren (hiru egun lehenago, entrenatzen ari zela,  kotxe batek jo eta mailatuta errepideratu zen, karrera ona eginez); usulbidarra 46. postuan sailkatu zen.

Abuztuaren 10ean, berriz, Zarauzko gau kriteriumean parte hartu zuten. Batez ere, junior mailako kanporaketan nabarmendu ziren, hirugarren, laugarren eta bosgarren postuetan sailkatu baitziren Eneko Aranguren, Andde Etxaniz eta Mattin Salegi. Kadete mailan, Lizar Tolosak ere parte hartu zuen Azken Portuko kriterium mitikoan.

Asteburu honetan Adur Tapia Bretainian izango da Gipuzkoako selekzioarekin, UCI mailako bi eguneko itzuli batean, non frantziar onenekin batera Europako zenbait talde on izango diren. Adibidez, Europako rankineko lehena. Beste esperientzia aberasgarri bat Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariarentzat. Junior mailako beste hirurek larunbat arratsaldean Villatuertan Euskal Herria Torneoko azken lasterketa puntuagarria jokatuko dute. Kadeteek, berriz, igande goizean Ancin-en korrituko dute, behin Gipuzkoako denboraldia bukatuta Nafarroan abuztuan jokatzen diren lasterketa bat edo beste lehiatuko dituzte irailean erabateko atsedena egin aurretik.