Aitor Agirre Gipuzkoako txapeldunorde

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko eka. 17a, 15:00

Aitor Agirre 23 urtez azpikoen mailan bigarrena izan zen Aizarnazabalen jokatutako erlojuaren aurkako banakako Gipuzkoako Txapelketan, sailkapen orokorrean hirugarrena. 

Laboral Kutxako txirrindulariak oso lasterketa ona egin zuen, erakutsiz afizionatu mailako tropeleko “rodadore” onenetakoa dela. 21 kilometroko ibilbidea osatzeko Aitor Agirrek 27 min eta 39 segundo behar izan zituen; irabazleak, Elite mailako Mikel Mujikak, minutu bat atera zion; 23 urtez azpiko onenak, berriz, Haimar Etxeberria Caja Ruraleko espezialista eta faboritoak, 19 segundo. Aitor Agirrek egindako denbora beste urteren batean irabazteko denbora izango zen, baina aurten izan den mailarekin hirugarren tokiarekin konformatu behar izan du. Emaitza honek izugarrizko indarra emango dio lanean segitzeko. 

Erlojuaren aurkako Gipuzkoako junior mailako txapelketan Viveros San Anton-Exclusivas Marduko bi txirrindularik parte hartu zuten: junior mailan Gipuzkoako rankineko hamabost onenek parte hartzen dute eta Adur Tapiak eta Eneko Arangurenek lortu zuten sailkatzea. Lasterketa ona egin zuten biek; oso parekatua segundo berean sailkatu baitziren, zazpi ehuneko batetik besterako aldea: Adur Tapia 7. sailkatu zen eta Eneko Aranguren 8. Lasterketako 14,5 kilometroak 20 minutu eta 46 segundotan osatu zituzten. Irabazleak 26 segundo atera zizkien; podiuma 10 segundora izan zuten.
Garazi Bergara zumaiarrak ere parte hartu zuen junior mailako nesken lasterketan. Zatikako ziklista seigarren ailkatu zen, 25 minutu eta 12 segundota 14,5 kilometroko ibilbidea osatatuta.

Aurreko asteburuan, bestalde, Viveros San Anton-Exclusivas Marduko kadeteek Txumaren Oroimenezko hiru egunetako itzulian parte hartu zuten. Urduritasunez beteriko hiru egun izan ziren kadeteentzat, Estatu espainiarreko ia 200 txirrindularirekin lehiatu baitziren. Lasaitzen joan ziren heinean hobeto ibili ziren, nabarmenduz azken etapan Beñat Sainz 35. sailkatu zela –parte hartu zuten 45 gipuzkoarretatik seigarren sailkatuz–. Sailkapen nagusirako Beñat Sainz eta Danel Beristain bakarrik gelditu ziren, bi txirrindulari hauek hiru etapak osatu baitzituzten; larriago ibili zen Iker Eizagirre; hala ere lan asko eginda bi etapa bukatzea lortu zuen. Lizar Tolosak lasterketa aurreko egunetan tripetakoak jota, ezin izan zuen etaparik amaitu. 

Asko ikasi dute ohiko ibilbideetatik kanpo eta pelotoi ezezagun eta kopuru handikoan ibiltzen, dena berria izan dute. Hotelean hiru egunetan beste taldeetako txirrindulariekin batera egon dira eta lagunak egin eta esperientziak elkarbanatzeko ere balio izan du. Beraz, esperientzia aberasgarria bizi izan dute lau kadeteek. Alakanteko Hector Alvarezek irabazi zuen itzulia, Purito Rodriguezen taldeko Pericasen aurretik. Une honetan adituek diote estatu espainiarreko bi onenak direla.

Infantil eta alebinek etxean izan zuten lasterketa, Zumaian, non bi probatan aurpegia eman eta lasterketan agindu zuten baina amaieran etxeko eta lagunen aurrean egindako esfortzua ordaindu. Maila hauetan jarrera oso garrantzitsua izaten da; emaitzari baino garrantzia gehiago eman behar zaio jarrerari eta hor bikaintasuna lortu zuten Viveros San Anton-Exclusivas Marduko alebinek eta infantilek.

Txirrindulari eskolako txikienek larunbatean Donostian emango diote amaiera denboraldiari, nahiz eta infantilek taldekako erlojuaren aurkakoa zintzilik duten. Kadeteek igande arratsaldean bakarkako erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketa izango dute Bergaran eta jubenilek, berriz, larunbatean Mendatan Euskadiko Txapelketa jokatuko dute; igandean, berriz, Eibarren San Juan saria. Jubenilek datorren astean Gipuzkoako itzulia dute, ostiralean Idiazabalen jokatuko den bi kilometroko sarrerako kronoaren ondoren, larunbatean, ekainaren 25ean Zumaian jokatuko dute itzuliko lehen etapa.