Kadeteak denboraldiko bihotzean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko eka. 10a, 09:00

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kadeteak oraintxe daude denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenei aurre egiteko prest. Asteburuan Euskadiko txapelketak izan dituzte eta denboraldiko lasterketarik onena bertan osatu dute. 

Danel Beristain bederatzigarren sailkatu zen lehen multzoan helmugaratuta. Multzo horretan zela Beñat Sainzek matxura izan zuen sei kilometroren faltan, top20 egiteko aukerak galduaz. Azkenean, 39. sailkatu zen Beñat Sainz; Iker Eizagirrek matxura izan zuen lasterketa hasieran; eguneko lehen mendatean izan zuen baina kemenez lortu zuen lasterketa bukatzea, 64. helmugaratuz. Lasterketa bukatu ez zuen bakarra Lizar Tolosa izan zen. 

Larunbatean Euskadiko txapelketa eta biharamunean Oñatin oso ibilbide gogorrean berriz ere lehian izan ziren kadeteak. Bertan, Danel Beristain 14. sailkatu zen, Beñat Sainz 21. eta Iker Eizagirre 56. Lasterketa hauek osatuta, orain Txumaren Oroimenezkoan parte hartuko dute;  hiru eguneko kadete mailako itzulia da eta bertan Estatu espainiarreko kadete talderik onenak lehiatuko dira. Bertan izango dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Danel Beristain, Beñat Sainz, Iker Eizagirre eta Lizar Tolosa. 

Azken lasterketak ikusita Danel Beristain pedal kolpe onarekin ailegatuko da eta itxaropenarekin sailkapen nagusiko borrokan sartzeko, Beñat Sainzek ere konfidantza lortu du lasterketa erabakitzen hasten denean lehen multzotik gertu dela, eta lehen 20-30en artean bukatzeko arazorik ez duela ikusita. Iker Eizagirrek hiru lasterketak bukatu eta sailkapen nagusian puntuatzeko itxaropena badu; Lizar Tolosak, berriz, azken lasterketak ez ditu bukatu eta sailkapen nagusia ahaztuta, egunez egun etapa bakoitzari aurre egiten eta bukatzea izango du xede. 39 talde eta 200 txirrindulari izango dira irteeran. Esperientzia benetan aberasgarria kadete hauentzat.

Jubenilek beren lan onarekin segitzen dute. Anoetan jokatu zuten Euskal Herria Torneorako lasterketa puntuagarria eta bertan Adur Tapiak zortzigarren amaitzea lortu zuen; Eneko Aranguren 25. izan zen, Mattin Salegi 35. eta Andde Etxaniz 89. Tapiaren multzoan zihoala zulatua izan zuen Etxanizek, eta aukera guztiak galdu zituen denboraldiko emaitzarik onena lortzeko. Baina horrek indarra emango dio datozen lasterketei: Euskadi Txapelketa eta Gipuzkoako Itzulia, non lehen etapa Zumaian jokatuko den. Asteburu honetan Adur Tapiak Gipuzkoako Selekzioarekin Nafarroako Klasikoan parte hartuko du, Tafallan; lasterketa hau Espainiako Koparako puntuagarria da, ondorioz bertan estatu espainiarreko talderik indartsuenek parte hartuko dute.

Infantil eta alebinak gustora dabiltza baina denboraldi amaiera gerturatzen ari zaie. Belartzan izan zuten lasterketa eta bertan, oso zirkuito teknikoan, Borja Osak alebin mailan garaipena lortu zuen beste behin eta Oinatz Etxabe podiumeko borrokan izan zen amaierara arte; sprintean laugarren amaitu zuen eta tubular bat atera zion hirugarren sailkatuak. Peru Calvok ere lasterketa bikaina egin zuen zazpigarren sailkatuz. 

Zumaiako Txirrindulari Eskolako kide guztiek izan zuten egun bikaina, Jurdan Regillagak izan ezik. Lehen 15etan zihoala zulatua izan eta jokuz kanpo gelditu zen. Mikel eta Unai Egañak hobekuntza ikaragarria egin dute eta gogoarekin daude; Zumaiako lasterketan emaitza on baten bila abiatuko dira. Amets Alberdik  larunbatean mendi bizikletako Euskadiko Jokoetan parte hartu zuen eta igandean errepideko Belartzako lasterketan; anaia alebinak berotze itzulietan min hartu zuen eskumuturrean eta ez zuen karrera egiterik izan. Larunbat honetan etxeko lasterketa dute, Zumaiakoa alegia.

Aitor Agirre (Laboral Kutxa) itzuli da Italiatik bost klasika korritu ondoren. Azkenekoan, Coppa Zappin, 65. bukatu zuen. Lotto Soudaleko Van Hemelen izan zen garaile 165 kilometroko lasterketa ziztu bizian osatuta (45,275 kilometro orduko). Italiako lasterketetan asko ikasi ondoren, Euskal Herriko karreretan izango da asteburuan: larunbatean Berriatuan eta igandean Seguran.