Podiumetik jaitsi gabe

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko eka. 4a, 12:00

Viveros San Anton-Exclusivas Marduko Adur Tapia Gipuzkoako juniorrik onenetakoa da une honetan; sasoi onean dago, konfidantza hartu du eta nahiz eta gurpilik zainduenetakoa izan, bere une gozoari etekina ateratzeko moduan dabil lasterketa guztietan.

Obanosko garaipenaren ondoren, lehen urteko juniorrak Zarautzen hirugarren sailkatzea lortu zuen, bigarren gipuzkoarra izanik Gipuzkoako txapelketaren sailkapenean. 

Zarauzko ibilbide gogorrean Adur Tapiaz gain Mattin Salegi ere nabarmendu zen, eguneko ihesaldian sartu eta mendiko lau sarietan puntuak batuz. Ondorioz, mendiko sariaren jabe egin zen gazte zumaiarra behin lasterketa bukatutakoan. Ihesaldiak hiru minutuko tartea hartu zuen eta atzetik onenak gerturatu zirenean, indarra eta jarrera izan zuen Salegik Tapiari laguntzeko; hein handi batean bere lan eskergari zor dio Tapiak Zarauzko podiuma. Mattin Salegi azkenean 26. sailkatu zen.  

Zarautzen, matxura izan arren, Eneko Arangurenek ere erakutsi zuen pedal kolpe ona duela eta 31. tokian amaitzea lortu zuen. Talde lan ona egin ondoren, lasterketa ezin bukatzearen penarekin gelditu zen Andde Etxaniz. 

Biharamonean Berriatuan izan zuten jubenilek Euskal Herria Torneoko karrera. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko lau txirrindulariak lasterketa osoan pelotoiko lehen tokietan ibili ziren, sendotasuna erakutsiz eta itzala eginez tropelean. Azkenean, Euskal Herriko junior onenen artetik Adur Tapia laugarren sailkatu zen, Eneko Aranguren 31., Mattin Salegi 54., eta Andde Etxaniz 58. Guztira 88 txirrindularik bukatu zuten lasterketa, parte hartu zutenen erdiak.  

Asteburu honetan Anoetan izango dute juniorrek Euskal Herria Torneoko lasterketa non Adur Tapia 8.a den, Eneko Aranguren 29.a, Mattin Salegi 79.a eta Andde Etxaniz 82.a; guztira 180 txirrindulari ari dira bataz beste Euskal Herria Torneoan parte hartzen.

Kadeteek asteburu gogorra izan dute, hauek ez baitaude bi lasterketa jarraian jokatzera hain ohituak. Larunbatean Zumaian, pelotoian amaitu zuten Danel Beristain, Beñat Sainz eta Iker Eizagirrek; Lizar Tolosak ez zuen indar nahikoa izan lasterketa amaitzeko. Igandean Eibarren hitzordua eta lasterketa oso tekniko batean antzeko egoeran egin zioten amaierari aurre. Lasterketan zehar Zumaian baino hobeto edo erosoago ibili ziren Eibarren; azken bost kilometroetan dagoen maldatxoan sei txirrindularik aurrera egin zuten; horien artean Danel Beristain sartu zen baina ihesaldi ahalegina ustela izan zen pelotoiaren hatzaparretatik ezin izan baitzuten ihes egimn. 

Asteburu honetan ere bi lasterketa izango dituzte kadeteek: larunbatean Etxebarrin Euskadiko Txapelketa eta igande arratsaldean Oñatin asteburuko bigarren lasterketa.

Kimuek eta infantilek larunbatean mendi bizikleten lasterketa izan zuten Oiartzunen eta hor ere, errepidean bezala, kimuetan Borja Osak irabazi zuen; Oinatz Etxabek infantiletan ere aurrekaldean amaitzeko modua izan zuen. Igandean, berriz, Oinatz Etxabe eta Jurdan Regillaga Arroiaben izan ziren  errepideko Euskadiko Jokoetan.  Biek erorikoa izan zuten, eta zutitu eta kemena atera zuten lasterketa  bukatzeko. 75 parte hartzaile izan ziren, Oinatz 51. eta Jurdan 53. sailkatu ziren garrantzitsuena beraien jarrera izanik.  

Asteburu honetan mendi bizikleten Eskolarteko Jokoetan izango dira Oinatz Alberdi eta Ametz Alberdi; igandean, berriz, errepideko lasterketa dute alebin eta infantilek Belartzan.