Obanosen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mai. 27a, 12:00

Adur Tapiak eman dio Viveros San Anton-Exclusivas Marduri denboraldiko lehen garaipena. Obanosen lasterketa zoragarria egin eta bi besoak jaso zituen Irungo txirrindulariak. 

Adur Tapia jubenil mailan une honetan Euskal Herriko lasterketetan nabarmentzen ari diren Ibai Azanza eta Iñaki Ordokirekin ihes egin, eta helmugarako igoeratxoan hiruren arteko esprintean azkarrena izan zen. 84 kilometroko lasterketa gorabeheratsuan, non zirkuito bati sei itzuli eman behar zitzaizkion, azkar hautsi zen lasterketa eta eguneko ihesaldia gorpuztu; sei txirrindularik osatu zuten ihesaldia bigarren Itzulian eta multzoa aleak galtzen joan zen kilometroak aurrera zihoazen heinean, hiru bakarrik gelditu arte. Erreleboak txukun eman zituzten, hirurek lana ederki banatu zuten, eta azkenean garaipena heuren artean jokatu zuten. Adur Tapiak irabazi zuen, baina taldeko beste kideek ere lasterketa ona egin zuten: Eneko Aranguren bederatzigarren sailkatu zen eta Mattin Salegi 29.; Andde Etxanizek ezin izan zuen lasterketa bukatu. 99 txirrindulari izan ziren irteeran eta helmugara 40 besterik ez ziren ailegatu. Taldeka, garaipenetik gertu, bigarren sailkatu zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardu. 

Obanosko lasterketaren bezperan, Amurrion, beste lasterketa gogor bat korritu zuten jubenilek. 175 ziklista parte hartzen eta horietatik 84k bakarrik osatu zituzten lasterketako 94 kilometroak. Obanosen bigarren izan zen Ordokik irabazi zuen, Adur Tapia 14. sailkatu zen, Eneko Aranguren 18. eta Mattin Salegi 65. Lasterketa oso gogorra izan zen. Hala ere, txirrindulariek 39,981 kilometro orduko abiaduran osatu zuten proba.

Kadeteek Arroan izan zuten igande arratsaldean lasterketa. 189 txirrindulariz osatutako tropel ugariak kolorez bete zituen inguruko errepideak. 51 kilometroko lasterketan, eta kadete mailako garapenarekin, nabarmentzekoa da abiadura: orduko 39,582 kilometro. 103 txirrindularik amaitu zuten lasterketa eta Danel Beristain izan zen Viveros San Anton-Exclusivas Mardutik onena. Txirrindulari fina 29. helmugaratu zen, Beñat Sainz 61., eta Iker Eizagirre 88. Azken unean, Presaldetik Arroa Goiara doan baserri bidean, malda tentean hautsi zen lasterketa. 

Kadeteen Gipuzkoako Txapelketa

Larunbatean etxean dute kadeteek lasterketa. Zumaian jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa goizeko 10.30ean hasita. Beheko plaza bilgune izango da eta bertan elkartuko dira ametsez eta ilusioz betetako 100 txirrindulari, urduri. 56 kilometroko lasterketa dute: hiru zakila bira, azkenengoan Iraetatik Arroa Goiara igo eta indartsuenek aurrera egiteko modua izango dute Axular etorbidean garaipena jokatzeko. 12:00ak aldera jakingo dugu kadete mailako Gipuzkoako Txapelduna nor den. Hautagaien artean herriko lau gaztetxo: Danel Beristain, Beñat Sainz, Iker Eizagirre eta Lizar Tolosa.

Jubenilek Zarautzen izango dute larunbat arratsaldean Gipuzkoako Txapelketa. Ibilbide gogorra eta amaiera kanpinean. Askotan gauzak ez dira nahi bezala amaitzen baina Viveros San Anton-Exclusivas Marduk lan egingo du taldekide batek txapela jantzi dezan. Une honetan aukera gehien Adur Tapiak du eta beraz beretzat lan egingo da. Txirrindulari txikia da Tapia baina itzal handia egiten duena jubenil mailako pelotoian. 

Ez dira hauek asteburuko lasterketa bakarrak; igandean goizean kadeteek Eibarren dute lasterketa eta jubenilek Berriatuan.

Kimuek eta infantilek ere beren lasterketa larunbatean izango dute, oraingoan Oiartzunen eta mendiko bizikletarekin. Aurreko larunbatean Zarautzen jokatu zuten karrera eta beste behin alebin mailan Borja Osak irabazi zuen. Infantiletan Oñatz Etxabe onenekin helmugaratu zen seigarren tokian. Ikustekoa izan zen alebinek zein infantilek egin zuten ahalegina lasterketa ona egin eta sailkapen on batekin bukatzeko; txalotzekoa izan zen beraien jarrera!