Aitor Agirre Italiara

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mai. 25a, 10:00

Bi asterako doa Italiara Aitor Agirre txirrindularia. Agirrek Laboral Kutxarekin bost klasika korrituko ditu italian, Emilia Romagna inguruan. Klasika hauek nazioarteko maila dute, Europako 23 urtez azpiko talderik onenak bertan izango dira, eta ibilbide oso luze eta gogorrak izango dituzte.

Maiatzaren 28an Strade Bianche di Romagna korrituko du Aitor Agirrek. Lasterketak 155,8 km ditu eta hamar sterrato zati ibilbide horretan. Benetan lasterketa gogorra da hau, 2.300 metroko desnibela batuaz gainera lasterketan zehar. Italiako talde indartsuenek bertan parte hartuko dute (Colpack, Bardiani, etab), baita Europako profesional talde askoren harrobiko taldeek ere (Astana, Lotto-Soudal, etab). 

Hori larunbatean izango da. Igandean 172kmko Copa della Pace klasikoan izango da Aitor Agirre. Euskal Herriko lasterketekin konparatuta bada datu deigarri bat: lasterketaren luzera bera; 172 kmko lasterketarik ez dago hemen, lasterketa honek ez du bezperakoaren adinako desnibelik, 1.386. ditu baina partaidetza antzekoa izango du.

Bi klasika hauek jokatu ondoren Italian geldituko da taldea entrenatzen eta ondorengo hiru klasikak prestatzen: ekainak 2, Alcide Degasperi (165,3km, 2.034mko desnibela); ekainak 5, Trofeo Citta di Meldola (155,6km, 2.740mko desnibela) eta ekainak 8, Coppa Zappì (156,5km, 1.960mko desnibela).

Aitor Agirrek (Laboral Kutxa) bost klasika handiri aurre egingo die, bere burua neurtu, Europako izarrekin batera lehiatu eta txirrindulari ofizioan ikasiz bere garapenean urratsak aurrera emateko asmoarekin.