Txirrindulari gazteek hitzordu garrantzitsua dute asteburuan: Gipuzkoako Klasikoa

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko api. 22a, 15:00

Junior mailan Gipuzkoan dagoen lasterketa garrantzitsuena bihar eta etzi jokatuko da Deban eta Donostian, eta bertan parte hartuko dute Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldeko lau kirolarik, Elgoibarko taldeko beste hirurekin zazpiko taldea osatuta.

Gipuzkoako Klasikoa junior mailan Gipuzkoan dagoen lasterketarik garrantzitsuena da, eta bertan parte hartuko du Viveros San Anton-Exclusivas Marduk, santelmoak izan arren. Aurreneko aldiz, bi eguneko lasterketa izango da UCI mailakoa; bere garaian Alejandro Valverde, Juan Ayuso edo Carlos Rodriguez garaile izan ziren, eta gaur egun profesionaletako izarrak dira. Unai iribar izan zen azken euskal irabazlea, eta bera ere profesionala da….

Hau esanda, ez dago zalantzarik Klasikoa ez dela edonolako lasterketa. Aurten portugaldar, frantses, holandar eta belgiar gazte oso-oso onak izango dira parte hartzen, eta Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak saiatuko dira maila ona ematen.

Adur Tapia da taldetik sasoirik onenean ailegatuko den txirrindularia; azken lasterketak Euskal Herrian onenen artean amaitu ditu. Laugarren izan zen Elgoibarren, 11. Durangon, orain ikusi egin behar Europako junior onenetakoekin aurrean ibiltzeko balio duen ala ez.

Azterketa ona izango da gure ziklistentzat. Eneko Aranguren, Andde Etxaniz eta Mattin Salegi ere saiatu dira egutegian markatuta zegoen lasterketa honetara hanka onekin ailegatzen, baina ikusiko da. Txirrindulari onak eta ibilbide gogorrak bakoitza bere tokian jarriko du, hori bai, txirrindulari elkarteko lau gazteak lehen urtekoak dira, eta ikasteko ondo etorriko zaie.

Ziklismo zaleak galdu ezin dituen bi lasterketa izango dira Deban eta Donostiako Egian jokatuko direnak larunbat eta igande goizean.

UCIko lasterketa denez, zazpiko taldeak dira parte hartuko dutenak, eta herriko taldeak Elgoibarko beste hiru txirrindularirekin batera egingo du errepidera. Kadeteek aste honetan jai izango dute, baina larunbat santu egunez Zangozan jokatu zuten Gaztetxoak torneoko lasterketa. Haizeak eragozten zuen txirrindulariak bizikleta gainean ere lasai ibiltzea, baina Danel Beristainek, Beñat Sainzek eta Iker Eizagirrek lasterketa bukatzea lortu zuten. Beristain eta Sainz pelotoi nagusian helmugaratu ziren.

Hurrengo lasterketa maiatzaren 1ean, arratsaldean izango dute Seguran. Alebin eta infantilek Aste Santuan jai izan dute baina igande honetan, Irunen (Colon pasealekuan) lasterketa izango dute. Alebin mailan bitik bi irabazi ditu Borja Osak, eta hirugarrenaren bila joango da. Aaron Alberdik bere estreinekoan oso maila ona eman zuen, eta Irunen ere nahiko du onenen parean ibiltzea. Mikel Egañak ere egunetik egunera hobeto doala erakutsi nahiko du.

Infantiletan, Peru Calvo, Oinatz Etxabe, Jurdan Regillaga, Amets Alberdi eta Unai Egaña lehiatuko dira; irteeratik topera joango dira infantilak, eta ikusiko da nola hartzen dioten neurria Colon ibilbide luzeari txirrindulari eskolako gazteenek.