Harrobiak erantzun du

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko mar. 25a, 17:00

Zarautzen hasi dute Zumaiako Txirrindulari Elarteko kimuek eta infantilek errepideko denboraldia, eta nola hasi gainera! Borja Osa kimu itziartarrak garaipena lortu zuen, eta Oinatz Etxabe infantilak 5. bukatu zuen lasterketa bikain bat osatuz. 

Kimuetan, Oinatz Albertdi eta Mikel Egaña ere parte hartzaileen artean ziren eta oso ondo erantzun zuten Zarauzko zuzengune luzeetako zailtasunei aurre eginez. Infantiletan, Amets Alberdi eta Unai Egañak ere lasterketa amaitzea lortu zuten, lehen karrerako exijentziei behar den bezala erantzunez.

Datorren lasterketa eguna datorren astean Donostian izango dute.

Kadeteak Mendaron leihatu ziren, eta haizea lagun baino gehiago aurkari izan zen egunean, orain arteko lasterketarik borobilena osatu zuen Danel Beristain zumaiarrak. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak lasterketa osoa pelotoi buruan egin zuen, eta helmugarako 500 metro faltan estugune batean kokapena galdu zuen, eta amaieran ezin izan zuen esprintatu ohorezko posturen bat lortzeko; 30. sailkatu zen Danel Beristain. Iker Eizagirrek eta Beñat Sainzek ere bukatu ahal izan zuten lasterketa.

Asteburu honetan kadeteek Tafallan parte hartuko dute eta juniorrek, berriz, bi froga dituzte: larunbatean Antzuolan Uzarragako igoera eta igandean Azpeitian. Juniorrek aurreko asteburuan ez zuten lasterketarik izan eta Gipuzkoako klasikako ibilbidea aztertu zuten.

Aitor Agirre laboral Kutxako txirrindulari zumaiarra Zamorara joan zen eta San Jose Klasikan erori eta izterrean sei puntu jaso zituen. igandean ezin izan zuen parte hartu, eta aste honetan ere atseden hartu beharko du ondo errekuperatzeko.