Iker Eizagirre, zortzigarren pistako Euskadiko txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2022ko ots. 18a, 11:07

Tafallako Miguel Indurain belodromoan jokatu ziren aurreko asteburuan pistako Euskadiko txapelketak. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu bi txirrindularirekin joan zen Tafallara eta bakoitzak bere mailan parte hartu zuen: Iker Eizagirrek lehen urteko kadeteen mailan eta Lizar Tolosak bigarren urteko kadeteen mailan. Beñat Sainzek, eskumuturra hautsita, ezin izan zuen parte hartu.

Iker Eizagirre oso ondo egokitu zen Tafallako belodromoaren ezaugarrietara; Donostikoarekin konporatuz oso ezberdina da Tafallakoak. Txapelketa oso ona egin zuen Eizagirrek; pena Tenpo lasterketan huts egite txiki bat izan zuela, eta, ondorioz, sailkapen nagusian lehen bost postuetako borrokatik kanpo gelditu zela. Azkenean, zortzigarren sailkatu zen, eta pistan dabilela lehen urtea izateko denboraldi oso txukuna egin du. Datorren denboraldirako gogoarekin bukatu du eta hori da seinalerik onena.

Lizar Tolosak ez zuen Euskadiko txapelketako omniuma bukatzerik izan; lau probetatik kanporaketa izan zen bere lasterketarik onena; bederatzigarren sailkatu zen. Baina beste hiruretan bere mailaz azpitik aritu zen.

Pistako denboraldia amaitutzat eman du Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldeak. Orain, errepideko denboraldia prestatzera bideratuko dituzte indarrak: otsailaren 27an juniorrek Eibarren hasiko dute denboraldia, eta kadeteek martxoaren  5ean Beasainen.

Aitor Agirrek (Laboral Kutxa) Essor Basqueko lehen lasterketan, Buacou-Tarnosen, estreinatu du 23 urtez azpikoen maila; ondo defendatu zen, 37 urteko profesional ohi batek, Roman Feilluk, irabazitako lasterketan. Pelotoian bukatu zuen karrera, azken esprintean metro batzuek galdu zituen arren. Bere bigarren lasterketa igandean Maulen jokatu zuen, baina ez zuen bukatzerik izan. Datorren larunbatean Zumaian jokatuko den lasterketan du orain burua jarrita.