Lokatzetan orkatileraino

Aurreko asteko euriteen ondorioz, Tolosan jokatutako ziklo kros lasterketatik zerbait nabarmendu beharko balitz lokatza nabarmendu beharko litzateke. Barrutia oso oso lokaztuta zegoen eta oso zaila eta gogorra zen txirrindularientzat ibilbidea behar den bezala osatzea.

Meritu handiko lasterketa egin zuten Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariek; Anuk Gogenola 18. sailkatu zen kadete mailako proban –24k bukatu zuten–, eta junior mailan Eneko Aranguren 8.a izan zen, Mattin Salegik 14. eta Andde Etxanizek 17. –21ek bukatu zuten–.

Asteburu honetan Amurrion dute hitzordua ziklo kroslariek eta bertan Euskadiko tituluak jarriko dira jokoan. Euskal egutegiko ziklo kros egutegia azkenetan da, hilaren 2an jokatuko baita azken lasterketa Ormaiztegin.

Pistan ez zen jardunaldirik izan; asteburu honetan seigarren jardunaldia jokatuko da eta bertan kadete A txandan korrituko dute Beñat Sainzek, Iker Eizagirrek eta Lizar Tolosak.

BTT lasterketak

Alebin eta infantilak Asteasura gerturatu ziren BTT lasterketan parte hartzera. Eguraldi bikaina, zirkuitoa polita baina lasterketak jokatu ahala barrutia bigundu zen, lokaztu eta bere gogortasunean harrobiko txirrindulariek gozatu zuten. Gipuzkoa guztiko txirrindulariak elkartu ziren: guztira 169 txirrindulari, eta multzo ezberdinetan lehiatu ziren; aipatzekoa da Borja Osa itziartarra bigarren sailkatu zela alebin mailan. Oro har, lasterketa politak egin zituzten Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ordezkariek: Oinatz Alberdik, Oñatz Etxabek, Amets Alberdik eta Peru Calvok. Igande honetan berriz ere BTT lasterketak izango dituzte, oraingoan Itsasondoko ziklo kros zirkuitoan. Bertara  Zumaiako Txirrindulari Eskola zazpi txirrindularirekin gerturatuko da Mikel Mancisidorren zuzendaritzapean: Aaron Alberdi, Borja Osa eta Oinatz Alberdi alebinetan, eta Oñatz Etxabe, Amets Alberdi, Jurdan Regillaga eta Peru Calvo infantiletan.