Beñat Sainz, bosgarren kanporaketan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko abe. 10a, 16:00

Aurrera doa pistako Gipuzkoa torneoa. Bost jardunaldi osatuta, sailkapen nagusian 44 txirrindulari daude, eta Beñat Sainz 15.a da azken jardunaldiko kanporaketan bosgarren sailkatu eta puntu pila bilduta.

Kanporaketan, Beñatekin batera, A txandan zen Iker Eizagirre eta 17. sailkatu zen; B txandan Lizar Tolosa 12. izan zen. Tempo lasterketa ez zitzaien hain ondo atera Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariei: A txandan, Iker Eizagirre 17.a izan zen eta Beñat Sainz 22.; B txandan, Lizar Tolosa 12. sailkatu zen. Nabarmentzeko abiadura Tempo lasterketan: orduko 44 kilometroko batez besteko abiaduran korritu zuten; dudarik gabe, errepideari begira pedal kolpe polita hartzeko modukoa. Sailkapen nagusian Beñat Sainz 15. da, Iker Eizagirre 20. eta Lizar Tolosa 25.; hirurak A txandan leihatuko dira abenduaren 19an jokatuko den seigarren jardunaldian.

Aitor Agirrek debutatu du 23 urtez azpikoen mailan, eta pistan estreinatu du maila berria. Parte hartutako jendearen maila ikusita, eta junior mailatik pasa berria dela ikusita, txukun ibili dela esan daiteke; duintasunez estreinatu dela. Larunbatean, Scratchean seigarren, eta kanporaketan eta puntuaketan hamabigarren sailkatu zen; asteazkenean, berriz, Puntuaketan hamaikagarren, eta Tempo eta Kanporaketan 14. izan zen. Bi jardunaldietan Euskaltel Euskadiko Xabier Mikel Azparren nagusitu zen. Denboraldiko lehen berotuak hartu ditu Laboral Kutxako ziklista zumaiarrak, Tempo proban ia 50 kilometro orduko abiaduran ibili ziren; Puntuaketan 49,055 kilometro orduko, eta Kanporaketa izan zen mantsoena: 48,472 kilometro orduko abiaduran.

Donostiako belodromoan Dorian Foulon eta Alexandre Leautou ziklista egokituek omenaldia jaso zuten, paraolinpiar jokoetan eta munduko txapelketan lortutako urteen ondoren. Ohikoa da Gipuzkoako torneoan txapeldun hauen parte hartzea; Eukene Larrarte ere Donostian leihatu zen UCIren txapeldunen liga 14. amaitu ostean.

Ziklo krosa

Ziklo kros denboraldia azken txanpan sartzera doa. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistei lau lasterketa gelditzen zaizkie; hori bai, baldintzarik gordinenetan jokatu dituzte azken lasterketak eta beren lehen ziklo kros denboraldian defendatzen ari dira.

Lokatzean galtzeko moduko barrutietan heuren mailari eutsi diete ziklista zumaiarrek. Ametzagan, Anuk Gogenola 38. sailkatu zen eta Elorrion berriz 36. Junior mailan, Mattin Salegi 24.a izan zen Ametzagan eta 30. Elorrion; Andre Etxaniz 29. izan zen Ametzagan, eta Elorrion ez zuen lasterketa bukatu.

Asteburu honetan Tolosan dute hitzordua ziklo kroskariek. Azken egunotako euriekin ez da erraza izango lokaztian bizikleta gainean aurrera egitea baina prest daude eta gogotsu Viveros San Anton-Exclusivas Marduko ziklistak.