Aitor Agirre berriz ere onenekin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko ira. 17a, 18:00

Aitor Agirrek seigarren bukatu du Oñatin jokatutako lasterketa. Ibilbide oso gogorreko lasterketa izan zen, non azken 40 Udana, Atagoiti, Gabiri, Atagoiti eta Arregi gaineko horma gainditu behar izan zituzten txirrindulariek, eta hori guztia beraiek gogortutako lasterketan, bataz besteko abiadura orduko 41 kilometrokoa izan baitzen.

Lasterketa ez zen ondo hasi Viveros San Anton-Exclusivas Mardurentzat: Udanako lehen maldatan Kimetz Etxabek zulatua izan zuen aurrean zenean, kotxe neutroa heldu eta gurpila aldatu arte denbora asko galdu zuen, eta lasterketa lehiatzeko aukerak hortxe ihes egin zion. Nahikoa egin zuen debarrak lasterketa amaitzearekin.

Udanan pedal kolpea topatu ezinda Enaitz Garaik ere amore eman behar izan zuen, baita Mattin Salegi kadeteak ere. Atagoitiko azken igoeran Altunak ezin izan zion talde nagusiko erritmoari eutsi, beraz, Aitor Agirre bakarrik gelditu zen. Nahiz eta katea atera, Atagoitin kemena izan zuen multzo nagusiarekin bat egin, eta Arregiko maldarantz abiatu aurretik erasoa jo eta aurrera egiteko, gero Oñatiko helmugan ohorezko seigarren postuan amaitzeko. Ander Altuna 34. helmugaratu zen eta Kimetz Etxabe 35. postuan, bakarka lasterketa izugarriak eginez. 91 txirrindulari abiatu ziren, eta horietatik 52k lortu zuten lana bukatzea. 


Eibarren kadeteek izan zuten denboraldiko azken lasterketa, eta oso bizkor jokatutako proban Andde Etxaniz 23. sailkatu zen, 25.a izan zen Mattin Salegi, eta 43. Anuk Gojenola. 


Elgoibarrek emango dio amaiera errepideko juniorren denboraldiari. Azken lasterketa izango da sasoi polit bati amaiera emateko. Sei txirrindulari izango dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko elastikoarekin. Taldeko lau junior eta bi kadete. Juniorrentzat agurreko karrera izango da, Agirre, Altuna, Etxabe eta Garai heldu den denboraldian afizionatuak izango baitira.