Aitor Agirre, Gipuzkoako txapeldunorde

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko uzt. 9a, 08:00

Denboraldiko karrerarik ederrenetakoa eginez, Aitor Agirrek denboraldian lehenengoz podiuma zapaldu du –taldeka egina zuen, baina bakarka ez–, Mendaron jokatutako Gipuzkoako txapelketan. 

Lasterketak bi zati nabarmen izan zituen, mendia amaieran baitzegoen: Kalbario eta Azkarate. Eguneko ihesaldiari, txirrindulari onak izan arren, baimena eman zion pelotoiak Kalbario igotzen hasi arte. Faboritoak euren artean begira ari zirela ikusita, beste batzuek erasora jo zuten, eta hortik uzta jaso zutenetako bat Aitor Agirre izan zen. Atzetik aurrera karrera zoragarria egin zuen, eta Azkarateko gainean 40 segundo ateratzen baldin bazizkion Iztuetak, 26 segundora helmugaratzea lortu zuen, bigarren sailkatuz eta Gipuzkoako txapeldunorde geldituz. Ander Altuna 17. sailkatu zen 4:41era, eta Kimetz Etxabe 31. Sailkatu zen ia 6 minutura. Taldeka Viveros San Anton- Exclusivas Mardu laugarrena izan zen taldeka.


Asteburu honetan Arantzazuko igoera (Oñati) eta Zumarragako sari nagusia (Antiguako gainean bukatuz) jokatuko dituzte, baina Aitor Agirre Frantzian izango da Gipuzkoako selekzioarekin Tour de l’Ainen; junior mailako Europako probarik garrantzitsuenetakoa da. Etorkizunerako asko ikasteko balioko dio karrera honek.

Kadeteetan nabarmentzekoa Mattin Salegik Oñatin egindakoa. 60 kilometroko lasterketa, eta irteeran bertan erasoa jo eta helmugaraino iritsi, lasterketa bigarren amaituz. Benetan txalotzekoa Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulari gaztearen kemena, ausardiaz jokatu baitzuen eta gero eutsi, lasterketako azken hogei kilometroetan bi mendate oso gogor izan arren. Hirukote bat heldu zen, eta Mattin Salegi bigarren sailkatu zen, horrela bezperan helmugarako zortzi kilometroren faltan izandako eroriko eta matxuratik arantza atereaz. Tolosako (Amaroz) eta Oñatiko lasterketak, biak, Andde Etxanizek eta Anuk Gogenolak bukatu zituzten. Hiruren lanari esker, Oñatin taldekako sailkapenean seigarren sailkatu ziren Viveros San Anton-Exclusivas Mardu taldekoak.

Asteburu honetan etxean izango dute lasterketa, larunbat goizean Arroa Beheko lehen saria jokatuko baita, Arroa Beheko bizilagunek lagunduta.