Itxaropenez betetako asteburua

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2021ko api. 29a, 16:55

Kadeteen Euskadiko Txapelketa izan da asteburuan Viveros San Anton-Marduko ziklistek izan duten lasterketa bakarra.

Arrespalditzan lehen urtekoek izan zuten lehenengo lasterketa, eta ez Lizar Tolosak, ezta Anuk Gojenolak ere ezin izan zuten helburua bete; ez ziren helmugaraino heldu. Bigarren urtekoen lasterketan Andde Etxanizek bakarrik parte hartu ahal izan zuen, eta nahiz eta astea gorabeheratsua izan osasun arazoengatik, lasterketa 35. postuan bukatzea lortu zuen, pelotoi nagusian. Mattin Salegik, COVID-19aren erasoari aurre egiten saiatu arren, bere sarean erori eta ezin izan zuen parte hartu Arrespalditzan. Asteburu honetan Nafarroako Arroniz herrian izango dute kadeteek lasterketa.

Jubenilek Zegaman izango dute lasterketa igande arratsaldean, benetan lasterketa gogorra, non hiru aldiz igoko duten Lierni eta behin, amaieran, Barbaris. Seguruenik hango maldek bakoitza bere tokian jarriko dute. Maiatzean lasterketak gogortu egingo dira, eta horri aurre egiteko prest dira Viveros San Anton-Exclusivas Marduko txirrindulariak. Zegamako lasterketan Madrilgo, Hueskako eta Ipar Euskal Herriko talde juniorrek parte hartuko dute, ohiko Hego Euskal Herriko taldeez gain; Nantestik ere badator txirrindulari frantziar bat Zegaman parte hartzera.