Bukatu da denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko urr. 30a, 10:00

2020ko denboraldia erabat baldintzatu du pandemiak eta denboraldi amaiera ere halaxe heldu da, pandemiaren bigarren olatuak erabat baldintzatuta. Izan ere, azken bi asteburu hauetarako iragarrita zeuden lasterketak ez dira jokatuko.

Viveros San Anton-Exclusivas Marduk ilusio handia zuen lasterketa hauetan, batez ere taldekako Gipuzkoako erlojuaren aurkako txapelketan. Mimoz ari ziren ziklistak txapelketa prestatzen, taldeari bai Caja Ruralek baita Baquek ere bizikleta bereziak (kabrak) utzi zizkien, eta bizikleta hauetara egokitzearekin batera, talde lanean fintzen ari ziren: erreleboak eman, abiadurari eutsi, bizikletako postura aerodinamikoa landu… Entrenamendu espezifikoak egiten ari ziren bai kadeteak baita jubenilak ere lasterketa egunean lanari etekina ateratzeko. Baina dena bertan behera gelditu da.

Azken lasterketa kadeteek Lazkaon izan zuten; jubenilek, berriz, Mendaron. Lazkaon kadete guztiek amaitu zuten lasterketa eta benetan ibilbide gogorra izan zuten: Larraitz igo (Zaldibiatik) eta Zaldibia bertatik Lazkaomendira igo, 3 kilometroko horma batetik.. Mattin Salegi 46. izan zen helmugan, Aritz Eizagirre 64., Andde Etxaniz 77., eta Heiko Mateos 90.a izan zen. Meritu handia du horrelako lasterketa bat bukatu izanak, denboraldiko lasterketarik gogorrena izan bait zen.

Mendaron korritu zuten arratsaldean jubenilek eta lasterketa hau izan zen Gipuzkoako errepideko txapelketa. Kalbario bi aldiz, bi norabideetan gainditu zuten txirrindulariek. 48k bakarrik amaitu zuten froga, abiatu ziren 90 txirrindularietatik. Aitor Agirre eguneko ihesaldian sartu zen: Kalbarioko lehen igoera buruan egin zuen baina lasterketaren bigarren zatian ezin izan zion erritmoari eutsi. Baina, lehenengo multzoan jarraitzeko modua egin zuen; gero kate irteera batek atzeratu zuen eta helmugan bertan, berak eta Enaitz Garaik, lehen pelotoia harrapatu zuten: sailkapenean 25.a izan zen Aitor Agirre eta Enaitz Garai 26. Hauengandik gertu ailegatu zen Ander Altuna 28. tokian, eta ez zen aparte izan Mikel Mancisidor, 33. sailkatu baitzen. Kimetz Etxabek gogotik ordaindu zuen errepidean bi hilabete eramatea lehiatu gabe, eta ezin izan zuen lasterketa amaitu. 

Gipuzkoarrei dagokienez 19k bakarrik bukatu zuten lasterketa, eta horien artean Aitor Agirre 10.a izan zen, 11. Enaitz Garai, 12. Ander Altuna eta 14. Mikel Mancisidor. Bikain amaitu dute denboraldi berezi hau jubenilek.

Hauek izan dira azken lasterketak eta honelaxe ezustean amaitutzat eman behar da 2020 denboraldia. Datorrenari begira Heiko Mateos eta Aritz Eizagirre kadete mailatik jubeniletarako urratsa emango dute, eta Mikel Mancisidor jubeniletatik afizionatuetara pasako da; Gipuzkoako taldea topatu duen gutxietakoa da. Debabarrena, Eibar energia hiria taldeko kide izango da datorren denboraldian zumaiarra.

Orain atseden hartu eta bi aste barru aurredenboraldia hasiko da txirrindularientzat. Batzuek ziklo krosa egin nahi dute, baina egutegian bertan behera gelditzen ari dira lasterketa gehienak; beste batzuek pista egin nahi dute neguan, baina hor ere ikusi beharko da pandemiak malgutasunik erakusten duen eta zerbait egiteko modua dagoen. Bestela segurtasun neurriekin martxoan hasiko den errepideko denboraldian zentratu beharko dute.