Asteburu gogorra jubenilek

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko urr. 10a, 07:09

Udazken giroan baino, negu giroan jokatu zituzten asteburuko bi lasterketak Viveros San Anton-Exclusivas Marduko jubenilek. Larunbatean Lazkaon, junior mailarako neurriz kanpoko gogortasuna zuen ibilbideari, eguraldi txar txarra batu zitzaion (Orendainen 6 gradu, Lazkaomendin 8): hotza eta euria aurkari izan zituzten txirrindulariek eta helmugara 11 bakarrik ailegatu zirela esanda, dena adierazita dago.

Orendain-Abaltzisketa hiru aldiz eta amaiera Lazkaomendin, baina Zaldibitik igota, jokoz kanpo utzi zuen pelotoia; Viveros San Anton-Exclusivas Marduko lau junior parte hartzaileak lasterketan hotzaren ondorioz jarraitu ezinda utzi zituen, lehenengo igoeran hiru ziklista buruan ziren: Agirre, Garai eta Mancisidor; Altunak zulatu bat izan eta bigarren. Multzoan zen. Baina hortik aurrera banan banan joan ziren kanporatzen, hotza eta euriaren ondorioz gorputzak ezin baitzuen erantzun eta errepidean. batez ere jaitsieretan. heuren segurtasuna ere arriskuan egon baitzen.

Igandean Maeztun, Arabako lehen klasikan parte hartu zuten jubenilek. Ibilbideak Belgikako klasiken inbidiarik ez zuen, baina eguraldiak hemen ere lasterketa baldintzatu zuen. Viveros San Anton-Exclusivas Mardu lau txirrindularirekin joan zen: Enaitz Garai, Aitor Agirre, Mikel Mancisidor eta Ander Altunarekin. Mikel Mancisidorrek ezin izan zuen amaierara arte eutsi; beste hirurek lasterketa amaitu zuten. 106 txirrindulari irteeran eta 41 besterik ez ziren helmugara heldu, eta horien artetik atzetik aurrera amaiera ikusgarria eginez Aitor Agirre 10. sailkatu zen; Ander Altuna eta Enaitz Garai batera helmugaratu ziren 33 eta 36. Postuetan. Aitor Agirreren 10. postuak eta hiru txirrindularik lasterketa bukatzeak taldekako sailkapenean ondorioa izan zuen, 19 talde parte hartzaileetatik 6 besterik ez baitziren izan puntuatu zutenak, eta horietatik 5. sailkatu zen Zumaiako jubenil mailako taldea.

Asteburu honetan jubenilek ez dute lasterketarik izango , kadeteek bai. Seguran dute larunbatean proba, non bi aldiz igo beharko duten Lierniko malda. Aurreko larunbatean etxean Joxe Mari Korta industrigunean hasi eta bukatuz  jokatu zen kadete mailako Zumaia saria. Lasterketa Zestoan zen egitekoa baina pandemiaren eraginez bertan behera gelditu zen eta lasterketa eguna ez galtzeko Zumaiako Txirrindulari Elkarteak beregain hartu zuen antolakuntza. 112 txirrindulari gerturatu ziren eta etxekoak bi izan ziren: Mattin Salegi eta Aritz Eizagirre. Viveros San Anton-Exclusivas Marduko bi ziklistek denboraldiko lasterketarik onena egin zuten, beti pelotoiaren buruan une erabakigarrietan, eta lasteketa 24. eta 27. postuetan amaituz helmugara ailegatu ziren 72 txirrindularien artean. Garazi Bergara Limousingo zumaiarrak ere parte hartu zuen baina ez zuen lasterketa amaitzerik izan.