Aitor Agirre, bikain Elgoibarren

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2020ko mar. 6a, 08:44

Errepideko denboraldia hastearekin batera Viveros San Anton-Mardu taldeko txirrindulariak, nahiz eta oraindik ere ere sasoiko ez izan, neguko lanaren emaitza erakusten hasi dira, edo, gutxienez, denboraldia izan daitekeenaren argibideren bat erakusten hasi dira. 

Igandean, Elgoibarren, 88 km-ko ibilbidean leihatu ziren txirrindulari jubenilak, eta lasterketa hastearekin batera, Arrasaterako bidean, Soraluzeko repetxoa pasa eta berehala, gorpuztu zen eguneko ihesaldia, non bizi ibili zen Aitor Agirre. Hamabi txirrindulari hasieran, baina kilometroak aurrera joan ahala seikotean gelditu zen, eta seikote horrek osatu zuen lasterketako ia bidea osoa buruan. Elkar ondo hartuta kilometroak egin zituzten, baita eguneko punturik zailena gainditu ere, Sasiolatik, Lasturra igo eta handik Itziarrera. Igoera horretan ere ez zen seikotea hautsi eta Mintxetako maldek erabaki zuten lasterketaren sailkapena. 

Aitor Agirre bosgarren sailkatu zen lasterketa zoragarri bat egin ostean; irabazleak 17 segundo besterik ez zizkion atera. Taldeko hurrengoa Kimetz Etxabe izan zen, 17. tokian minutu eta 42 segundora, eta 7 minutura helmugaratu ziren Ander Altuna eta Enaitz Garai, 62 eta 63 tokietan, hurrenez hurren. 

Erritmo bizian jokatutako karrera izan zen, bataz besteko abiadura, orduko 39,565 kilometrokoa izan zen. Aitor Agirreren jarrera nabarmendu zuten guztiek lasterketa bukaeran, ez baitzuen errelebo bat huts egin nahiz eta jakin igoeran gero beste batzuek baino ahulagoa dela; bikain eta zintzo jokatu zuen ihesaldian, txalotzeko moduko bosgarren postu batekin amaituz karrera.

Igande honetan jubenilek Donostiako Egia auzoan dute lasterketa, Astigarraga eta Oiartzun arteko bideetan ibiliko direlarik, 85 kilometro osatuz. Mendate pikorik ez ibilbidean, baina gorabehera asko bai: Astagarragako Bentak, Fortaleza, edo Egia bertako maldak nahikoa zailtasun izango dira txirrindularientzat.

Kadeteek errepideko benetako lehen karrera izango dute larunbat goizean Beasainen: 38 kilometroko ibilbidea eta helmugarako sei kilometroren faltan Olaberria igo beharko dute 15 eta 16 urteko ziklistek. Epaia Olaberriako malda tenteak emango du. 

Viveros San Anton-Mardu taldeko hiru kadeteek Ibaetan korritu zuten aurreko larunbatean, baina sailkatze lasterketetan amaitu ziren heuren ametsak, ez baitzen bat bera ere finalerako klasifikatu. Aritz Eizagirrek une erabakigarrian, azken itzulian, matxura izan zuen eta sailkatzeko urratsa eman ezinda gelditu zen. Beasainera begira daude Aritz Eizagirre, Mattin Salegi eta Heiko Mateos, nahiz eta azken honek astean osasun arazoak izan dituen.

Alebin eta Infantilak ere hasi dira. Mendiko bizikletekin izan dituzte lehen probak, eta lokatzetan gogotik zikinduz gustora asko hasi dute guztiek 2020ko denboraldia.