Ander Altuna garaile Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko uzt. 18a, 11:10

Ander Altuna Viveros San Antongo txirrindulariak eman dio Zumaiako Txirrindulari Elkarteari bakarka denboraldiko lehen garaipena. Tolosako Amaroz auzoan joan den larunbatean jokatutako kadeteen lasterketan lortu zuen Ander Altunak garaipena. 

Karrerak lehen zatia ordekan zuen, baina amaieran bi mendate: Altzo eta Leaburu. Ihesaldia sortu zen, baina lehen mendateak pelotoian egoera kontrolpean zuen eta bigarren mendatearen aurretik Ander Altunak aurrea hartu zuen.

Viveros San Antongo txirrindulariak tarte txikia ireki zuen, baina faboritoak beren artean zaintzen ari zirela aproetxatuz, tartea handitu eta helmugara 15 segundoko aldearekin heldu zen. Ander Altunak gogotik ospatu zuen azken metroan garaipena. Altunaz gain, beste bost taldekideek ere lan ona egin zuten, eta Viveros San Anton taldeka ere garaile izan zen Amarozko karreran. Kimetz Etxabe 10. sailkatu zen, Aitor Agirre 12. izan zen, Enaitz Garai 22., Aritz Eizagirrek 58. amaitu zuen, eta Heiko Mateosek 60. 

Azkar ibili ziren txirrindulariak 57 kilometroko ibilbidea bataz beste 39,64 kilometro orduko abiaduran osatuta. 89 ziklista izan ziren irteeran, eta 77k lortu zuten lasterketa amaitzea. Ander Altunak, Laboral Kutxa taldeko eta aita zumaiarra duen Unai Iribar ziklista afizionatuaren eskutik jaso zuen saria. Kadeteen denboraldia Gipuzkoan amaieratik gertu da. Bi karrera gelditzen dira, larunbat honetan Ordizian (Amezketatik Larraitz igoko dute bukaeran) eta 28an Azpeitian (Etumeta gainditu beharko dute azken kilometroetan).

Jubenilek Zumarragan Euskalerria torneoko lasterketa oso gogorra izan zuten igandean; Antton Tolosak ez zuen zortea alde izan eta zulatu batek jokoz kanpo utzi zuen lasterketa erabakitzen ari zen unean eta pelotoi nagusian zihoanean. Mikel Mancisidorrek karrera ona egin eta kotxe artean zenean, pelotoitik zertxobait atzeratuta Ertzaintzaren erabakiz jarraitu ezinda gelditu zen.

105 kilometroko lasterketan, Santa Kruz (Azkoitian), Atagoiti, Gabiria, Izaga eta Azkarate izan ziren zailtasunak ibilbidean eta bukaera Antiguako baselizan eman zioten. Gogortasunaren lekuko,129 txirrindulari abiatu eta 59k bakarrik amaitu zutela. Hala ere, karrera gogorrak ziklistek egiten dituzte eta ibilbide exijente hori beroak eta abiadurak gehiago gogortu zuten. Bataz beste 40,79 kilometro orduko abiaduran osatu zuten. Larunbat honetan, Arantzazuko igoera izango dute jubenilek.