Viveros San Anton, Gipuzkoako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko uzt. 11a, 16:07

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kadeteek taldekako erlojuaren aurkako txapelketa irabazi dute. Viveros San Antongo boskotea Enaitz Garai, Kimetz Etxabe, Ander Altuna, Aitor Agirre eta Heiko Mateosek osatu zuten, taldeak bostekoak bait dira; penaz Aritz Eizagirre kanpoan gelditu zen, nahiz eta txapelketa besteekin batera prestatu.

Legorretan jokatutako txapelketan 15 taldek parte hartu zuten; ibilbidea 26,400 kilometrokoa izan zen, eta eguzkipean, tenperatura beroarekin, Viveros San Antongo boskotea ondo egokitu zen. Hori bai, aurrez gogotik entrenatu eta prestatu zuten txapelketa. Aurreko hamabost egunetan lan bakarra izan da: Gipuzkoako txapelketa prestatzea, eta garbi dago lanak fruituak ematen dituela. Zumaiako boskoteak ibilbidea 35 min eta 26 segundotan osatu zen, hauek erabil dezaketen garapena 52*16 izanda. Izugarria da, bataz-bezteko abiadura orduko 45,5 km inguru. Denbora ikaragarria da, eta aldeak handiak izan ziren: bigarrenari, Andoaingori, minutu eta 3 seg., hirugarrenari, Caja Rurali, minutu eta 10 segundo, etab… Azkenari, 15.ari. 6 minutuko aldea atera zion Viveros San Antongo kadeteek 

Bost segundotan ondu zuten iazko irabazlearen denbora. Lan bikaina, kadete hauen kalitatearen erakusgarri. Oso modalitate zaila da taldekako erlojuaren aurkakoa eta borobildu egin zuten. Talde titularretik kanpo, Aritz Eizagirrek Tolosako bigarren taldearekin korritu eta 11. postu on bat lortu zuen.

Jubenilak Zumaian bi bakarrik izanik, ezin berez taldea osatu, eta parte hartzeko Tolosako Oriako taldeko hiru kiderekin elkartuta errepideratu ziren. 35 kilometroko ibilbidea osatu zuten eta 7. sailkatu ziren –9 taldek arte hartu zuten–. Taldearen lanean Antton Tolosaren ekarpena funtsezkoa izan zen.

Taldekako Gipuzkoako txapelketaren ondoren, Arrasaten, kadeteek lasterketa izan zuten. Biharamuneko esfortzua oinetan izan arren lan ona egin zuten, karrera oso gogor batean. Ander Altuna eguneko ihesaldian izan zen, mendiko saria irabazi zuen eta amaieran, lehen multzoan, 31. sailkatu zen. Aitor Agirrek eta Kimetz Etxabek hobeto amaitu zuten: esprintean itxita, Kimetz Etxabe ez zen konforme 7. postuarekin, gehiagorako hankak baitzituen; Aitor Agirre, berriz, 3. sailkatu zen podiumera igoaz.

Asteburu honetan kadeteek larunbat goizean Tolosako Amaroz auzoan dute lasterketa, bi igoera gogorrekin, Altzo eta Leaburu, eta igande arratsaldean jubenilek Zumarragan dute lasterketa, Euskal Herria torneorako puntuagarria, eta ibilbide benetan exijentearekin: 105 kilometro eta ibilbidean Atagoiti, Gabiria, Izaga,eta Azkarateko igoeraz gain, bukaera Antiguan izango du karrerak.