Garazi Bergara Euskadiko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko mai. 30a, 09:21

Muskizen jokatutako infantil mailako Euskadiko txapelketan ez zuen huts egin Garazi Bergara zumaiarrak, eta iazko arantza atera ahal izan zuen.

Nesken Euskadiko Txapelketa 12 kilometroko distantzian jokatu zen, eta esprintean erabaki zen, non Viveros San Anton–Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklista aise nagusitu zen. Hala ere, badu pena bat: ginkana ez zuen nahi bezain ondo egin. 10. sailkatu zen ginkana proban, eta Espainiako txapelketara joateko bietako batura behar da. Beraz, momentuz ez du eskura Chesten jokatuko den txapelketarako txartela, ordezkoa da.

Mutiletan parte hartze handiarekin eta lasterketako distantzia luzea, 22 kilometroan (normalean 15 kilometroko lasterketak izaten dira), oso oso balorazio ona egin behar da Anuk Gojenolak eta Yuri Urbietak egindakoaz. Anuk Gojenola 36. sailkatu zen eta Yuri urbieta 53. Erdi parean ibili zirela esan daiteke. Ginkana proban Anuk 20. sailkatu zen eta Yuri 32. Infantilek eta alebinek datorren igandean mendiko bizikleten proba dute Irunen.

Kadeteek eta jubenilek aurreko asteburuan ez zuten frogarik izan, beraz, entrenatzeko egunak izan dira. Kadeteek larunbateko Zumaiako lasterketa prestatu zuten.

Zumaian ohiko ibilbidean jokatuko da larunbat goizean kadeteen lasterketa. 10.30etan hasiko da karrera eta 57,5 kilometro egin ostean (bi itzuli txiki saihesbidetik eta hiru zakila bira), Axular etorbidean amaituko da. Esprintean amaitzeko ibilbide egokia da, baina esprint hori ez da batere erraza izango ondo prestatu behar baita. Izan ere, jubenilen lasterketan ez bezala, kadeteen lasterketan parte hartzaileen kopurua oso handia izango da: 130 txirrindulari;  Euskalerri osoko txirrindulariak izango dira Zumaia sarian eta esprint hori kudeatzen jakin behar da. Asteburu honen ondoren txapelketak datoz: Euskadikoa aurrena, eta ondoren Gipuzkoakoak, bai bakarkako erlojuaren aurkakoa eta baita iraupenekoa ere.