Kimuetan, infantiletan eta kadetetan podiumean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko mar. 28a, 10:26

Kimuetan eta infantiletan aurreko asteko kronika irakurtzen ari zaretela irudituko zaizue, baina berria da. Kontua da Asier Aizpuruak eta Garazi Bergarak agintzen segitzen dutela euren lasterketetan.

Zarautzen jokatu zen aurreko larunbatean kimu eta infantilen lasterketa eta adin hauetan jolaserako eta ikasteko balio behar badu kirolak, ikusgarria da Viveros San Antongo kimuek nola duten barneratuta, Asier Aizpurua hain indartsua izanda, taldekide batek irabazita taldeak irabazten duela, eta beretzat lan egin eta lasterketa egokitu dezaketela; profesionalak izatera jolasten dute. Kimuetan Asier Aizpuruak berriz ere aisa menderatu zituen aurkariak, eta Manex Beristain laugarren sailkatu zen, Beñat Sainz 17., Iker Eizagirre 22., Xabat Bergara 23., Oñatz Etxabe 31., eta Hedoi Mateos 43. Neskatan, Ihintza Gartzia 9. izan zen, Haizea Aldazabal 10., eta Araitz Aldazabal 11.

Infantiletan, Anuk Gogenolak eta Yuri Urbietak oso lasterketa ona egin zuten, baita Lizar Tolosak ere, nahiz eta ezin izan zion eutsi amairara arte. Anuk Gogenola 10.a izan zen eta Yuri Urbieta 12. Garazi Bergara tartean gelditu zen, 11.a lasterketan, baina nesken artean lehena, alde handiaz, gainera. Beste garaipen bat beraz Garazi Bergararentzat.

Asteburu honetan, larunbatean, Donostiako Loiola auzoan izango dute lasterketa kimuek eta infantilek. Ondoren ia hilabeteko etena dute egutegian.

Kadeteek lasterketa Deban izan zuten, eta Kimetz Etxabek –bertako semea– podiuma zapaldu zuen, hirugarren amaitu baitzuen esprintean erabaki zen lasterketan. Gorabehera asko izan zuen lasterketak. Eguneko lehen ihesaldia lau txirrindulariz osatutakoa izan zen eta bertan sartu zen Roman Zabaleta. Viveros San Antongo ziklistak ihesaldian zihoala matxura izan eta lasterketa utzi behar izan zuen; ondoren, Soraluze eta Osintxuko aldapatan, pelotoian etenak izan ziren, Viveros San Antonek beti izan zuelarik ordezkaritza buruan. Amaieran 16ko multzoa gelditu zen aurrean, eta bertan Kimetz Etxabe eta Ander Altuna. Baina lasartearrak gurpil batean matxura izan eta ezin izan zion eutsi lasterketa buruari. Errazkinen eta Seinen atzetik, Kimetz Etxabe hirugarren izan zen, 8 segundora. Bigarren multzo baten buruan etorri ziren Viveros San Antongo hurrengoak: Ander Altuna 17., Enaitz Garai 19., eta Aitor Agirre 30. Aritz Eizagirre hirugarren tropeltxo batean zetorrela erori egin zen eta ezin izan zuen segi; Heiko Mateosek ez zuen bukatzerik izan. Bataz besteko abiadura izugarria izan zen, orduko 39 km.

Larunbat honetan Seguran dute lasterketa; oso karrera gogorra Lierniko gaina bitan gainditu beharko baitute. Bertan ez da Kimetz Etxabe izango, Valentziara baitoa pistako Euskadiko selekzioarekin Espainiako kopa jokatzera, eta Madisoneko Espainiako txapelketa lehiatzera.

Juniorrek Monteagudon izan zuten lasterketa, Euskal Herriko jubenil guztiak bertaratu ziren Euskal Herria torneorako karrera puntuagarria baitzen. Mikel Mancisidor bezpera arte gaixo, oso ahul, ezinean ibili zen. Antton Tolosak berriz beste lasterketa on bat osatu zuen, ihesaldia ere harrapatu zuen, baina esprintera kondenatuta zegoen lasterketa, eta halaxe bukatu zen. Nabarmentzekoa bataz besteko abiatua, ia 45 kilometro orduko. Ikaragarria ibilbidea laua izan arren, etengabe erasora jo baitzuten txirrindulariek tropela hautsi nahian, eta azkenean bizkor ibili eta esprintak erabaki zuen garailea. Larunbatean, Antzuolan, Uzarragarako igoeran parte hartuko dute Tolosak eta Mancisidorrek.