Errepideko denboraldiak Zumaian du lehen hitzordua

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko ots. 21a, 09:45

Larunbatean Zumaian emango zaio hasiera elite eta 23 urtez azpikoen denboraldiari. Etorkizuneko izar profesionalak Zumaian izango dira XI. Zumaia sarian.

Betiko ibilbidea izango du lasterketak: bi itzuli saihesbidetik eta sei zakila bira. Guztira 112 km osatzeko. Esprintean bukatu ohi da lasterketa eta Axular ibiltokia prest da aurten ere esprint ikusgarri bat hartzeko.

Taldeek beren txirrindulari azkarrenekin datoz garaipen preziatu honen bila. Azken urteetan podiuma zapaldu edo gertu ibili direnak, horietako hainbat eta  hainbat egun profesionalak dira. Iaz 2. sailkatu zen Dani Viejo egun Euskadi Murias taldean da; orain bi urteko 10 lehenengoen arteko hiru Euskadi Fundazioan dira: Zhiunou, Alonso  eta Aranburu; 2015eko lau lehenak profesionalak dira: Dani Lopez, Irisarri, Goikoetxea eta Lopez Cozar…Garbi izan behar du txirrindularitza zaleak etorkizunean jarraituko dituen ziklistak larunbatean Zumaian ikusiko dituela.

Guztira 180 txirrindulari inguru izango dira irteeran. Hurrengo egunean Don Beniton Espainiako kopako lasterketa dago, baina, Zumaiako karrera lasterketa estimatua da ziklista guztien artean, baita taldeen artean ere, eta kalitate handiko lehiaketa ikusiko da, zaleentzat jarraitzeko polita herritik bertatik behin eta berriz igaroko baitira txirrindulariak.

2019ko denboraldian estatuko talderik indartsuenetakoak izango dira Caja Rural eta Lizarte. Bada, biek presentzia izango dute Zumaian. Hauekin batera Gipuzkoako hiru taldeak: Eulen, Eibar energia hiria, eta Laboral Kutxa. Baque irteeran izango da Jon Agirrerekin, Zumaiako txirrindulari elkartean hazitako ziklistarekin, baina bere ezaugarrientzako ez da hau lasterketarik egokiena. Taldean, gainera, badira Zumaiarako faboritoak: Miguel Angel Fernandez edo Javi Gil. Hauek aurreko asteburuan Almagron erakutsi zuten pedal kolpe ona dutela eta prest daudela Zumaiarako; Eiser ere bertan izango da. Dena argituko da 12.45ak alderako, baina bai aurreratu behar dugu irabazle berri berria izango dugula, Onditz Urruzmendi eta Julen Amarika, azken hiru urteetako irabazleak ez baitira irteeran izango, Espainiako kopa korrituko dutelako.

Zumaiako txirrindulari elkarteak asteburu bete betea du. Kadeteek larunbatean bertan pistako Euskadiko txapelketa dute Tafallan. Egun guztian zehar jokatuko dituzte frogak Viveros San Antongo ziklistek. Postu on bat lortzeko aukera gehien Kimetz Etxabek eta Aitor Agirrek dituzte, baina, Kimetz gaixorik izan da aurreko aste osoan eta ikusi beharko da nola erantzuten duen. Kimetz Etxabek gainera orain bi aste Euskadiko selekzioarekin irabazi egin zuen Espainiako kopako bigarren ekitaldia, lider jarriaz. Martxoaren bukaeran jokatuko da azken jardunaldia, Valentzian.

Hau guztia gutxi balitz, Viveros San Antongo bi jubenilek, Antton Tolosak eta Mikel Mancisidorrek, igandean estreinatuko dute errepideko denboraldia, Eibarren jokatuko den lasterketarekin. Iraila erdira arte ez dute atsedenik izango.

Txirrindularitza zaleok gonbidatuta zaudete larunbatean afizionatu mailako ziklistarik onenak ikusiz goi mailako ikuskizunaz gozatzera Zumaian; goizeko 10:00etan hasiko da lasterketa.