Viveros San Anton Euskadiko ziklo kros txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko abe. 28a, 13:54

Viveros San Antongo Ander Altuna Euskadiko txapelketaren bila doa igandean Beasainera. Kadete mailan, lasterketa joan lasterketa etorri, onenen artean ibili da eta helburu podiumean sartzea da. Baina, zergatik ez irabaztea nahiz eta faborito nagusia Diego Ruiz de Arkaute izan?

Ondoren, hortxe ibili behar du Ander Altunak Aimar Erostarberekin lehian. Igandean, goizeko 10:00etatik aurrera argituko da guztia.

Viveros San Antongo beste bi txirrindulari ere izango dira Euskadiko ziklo kros txapelketan: Heiko Mateos bere lehenengo Euskadiko ziklo kros txapelketan, eta Kimetz Etxabe, bezperan pistan lehiatu eta txapelketa on bat egiteko asmoarekin abiatuko dena.

Pistan, larunbatean urtea agurtzeko saioa izango da, 15.30etik aurrera. Gogotsu izango dira bertan Viveros San Antongo ziklistak. Izan ere, gero eta hobeto dabiltza, eta beste alaitasun batekin ekingo diote jardunaldiari. Aurrekoan, kadete mailan, tempo proban, Aitor Agirre 8.a izan zen eta Kimetz Etxabe 12.a. Puntuaketa dotorea egin zuen Kimetz Etxabek: 4. Sailkatu zen. Amaieran, Aitor Agirrek lagundu behar izan zuen eta berak 17. bukatu zuen. Aritz Eizagirrek jardunaldia borobildu zuen, parte hartutako bi probak bukatu zituen, eta ondo, gainera: tempon 14. izan zen eta puntuaketan 16. Arroarrak orain arteko jardunaldirik onena osatu zuen.

Jubeniletan, berriz ere, Antton Tolosak eta Mikel Mancisidorrek 23 urtez azpikoekin korritu zuten eta, sufritu arren, ederki defendatu ziren, pelotoian ziren juniorretatik onenetakoak izanik. Kanporaketan Antton Tolosa 13. sailkatu zen eta Mikel Mancisidor 19. Puntuaketan ere emaitza bera lortu zuten. Bi zumaiarren alde esan behar da euren txandan bizikletarik eta materialik kaxkarrena ere eurek zutela, besteek pistako oinarrizko bizikletak baino zerbait gehiago erabiltzen dutelako. Viveros San Antonek Gipuzkoako federazioak utzitako tresnak besterik ez ditu.

Viveros San Antonek-Zumaiako Txirrindulari Elkarteak honela bukatuko du 2018. urtea, 2019ari ilusioz, baikortasunez eta indarrez ekiteko. Urte berri on.