Maddi Etxaberen garaipena Hernanin

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko mar. 23a, 14:44

Maddi Etxabek ere aurkitu du podiumeko tokirik gorenerako bidea, Hernanin irabazi eta garaipenen sakua betetzen hasi da. Podiumean Garazi Bergara Viveros San Antongo beste ordezkaria lagun izan zuen, hirugarren bukatu baitzuen. Beraz, borobila Viveros San Antongo neskentzat Hernaniko lasterketa, aurrena eta hirugarren.

Hernaniko proba exijentea da, maldatxoa du, malda piko-pikoa, eta karrera gogorra izaten da alebin eta infantilentzat. Alebinetan 48 parte hartzaile izan ziren eta 5. sailkatu zen Danel Beristain, igotzeko gaitasuna erakutsiz. Anuk Gojenola 8. sailkatu zen eta lesioaren ondoren erakutsi du berriz ere hortxe dela onenen artean lehiatzeko moduan. 17. sailkatu zen Manex Beristain, 18. Beñat Sainz, 22. Iker Eizagirre, 30. Xabat Bergara, 31. Zuhaitz Valero, 35. Kepa Urbieta eta 40. Hedoi Mateos. Araitz Aldazabal 5. sailkatu zen, eta ihintz Gartziarena entrenatzen hasi da; laster hau ere karreretan izango da.

Bikaina txikienen jarrera benetan zailtasun handiko zirkuitoa baita Hernanikoa. Hedoik, adibidez, lasterketa hastearekin batera erasora jo zuen nahiz eta jakin amaieran ordainduko zuela… Viveros San Antongo alebinak protagonista izan ziren, lasterketa gogortzera eta haustera joan ziren maila hauetan egin behar den bezala; ikasteko maila da, jarrera txalotu behar da emaitzari hainbeste begiratu gabe.

Infantiletan ere oso proba gogorra izan zen eta 46 txirrindulari abiatu baziren, 21k bakarrik lortu zuten bukatzea. Harro esan behar dugu, Viveros San Antongo bi mutilek lortu zutelako helmugako marra zeharkatzea: Aritz Eizagirre 11. izan zen, eta 18. Heiko Mateos. Larunbat honetan Zarautzen dute alebinek eta infantilek lasterketa: arratsaldeko 14.30etan izango da ibilibide lau-lauean.

Kadeteek Azpeitian izan zuten lasterketa eta 121 txirrindulari azaldu ziren irteerara. Horietatik 51k bakarrik amaitu zuten. Erritmo bizian jokatu zen proba eta pelotoitik atzeratzen zen edonor epaileek eta ertzainek lasterketatik kanpo berehala uzten zuten; horrela, Viveros San Antongo 4 txirrindularik lortu zuten karrera bukatzea: 16. Aitor Agirre, 21. Kimetz Etxabe, 22. Roman Zabaleta eta 31. Ander Altuna. Laurak irabazlearengandik 12 segundora helmugaratutako pelotoian sartu ziren. Mikel Mancisidorrek ez zuen lasterketa bukatu. Taldeka Viveros San Anton-Zumaiako T.E. 6. sailkatu zen.

Larunbat goizean Deban dute hitzordua kadeteek, eta jubenilek, berriz, arratsaldean Antzuolan, Uzarragako igoeran. Antton Tolosak berriz ere denboraldi honetan aurrerako eman duen urratsa erakutsi du. Mutrikun aurreko larunbatean Kalbario bi aldiz igo eta 87. kmko lasterketa 77. amaitu zuen; 171 txirrindulari izan ziren parte hartzen eta 121k bukatu zuten.

Ampoko Aitor Olaziregi zumaiarrak Oteizan korritu zuen, lasterketako protagonista izan zen, eguneko ihesaldian sartuz eta lan eskerga eginez taldekideentzat. 135 kmko karrerak, lau mendate zituen ibilbidean eta eguraldi baldintza benetan negutiarrak: hotz handia (0 eta 2 gradu artean), haizea, euria, zenbait unetan, elur bustia… Eta Olaziregik azkenean sufritu egin zuen baldintza horietan; hala ere bide onean doala erakutsi zuen, Caja Ruraleko eta Lizarteko txirrindulariak hestu hartuaz. Hurrengo lasterketa ostegun santu egunean Durangon izango du.