Zumaiako Udalak 216.293 euro galdu ditu kirol diru laguntzetan

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2024ko api. 10a, 09:51

Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2023-2025 aldirako Gipuzkoako kirol ekipamenduen planeko dirulaguntzen lerroan 8.180.000 euroko partida atera zuen. Zumaiako Udalak, Gipuzkoako beste udal askok bezala, hainbat proiektu finantziatzeko laguntza eskaera egin zuen.

2023ko urriaren 5ean, Zumaiako Udalak 372.901 euroko diru laguntza lortu zuela iragarri zuen; horietatik 92.788 euro erabilera anitzeko pista berritzeko, 256.827 euro (194.176 euro 2024an eta 62.651 2025ean) kiroldegia berritzeko proiektua idazteko eta 23.286 euro (22.117 euro 2023an eta 1.169 2024an) futbol zelaiko argiterian hobekuntzak egiteko.

Gauzak horrela, pasa den otsailean aldundiak udalari jakinarazi zion ez zizkiola 2023 amaieran jaso beharko lituzkeen futbol zelaiko argiteria hobetzeko 22.117 euroak emango eta martxoan, berriz, 2024an kiroldegiaren berrikuntza proiektuaren idazketarako aurreikusita zeuden 194.176 euroak ere ez zituela jasoko.

Bi diru laguntzen kasuan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jasotzen duen bezala, honako argudioa ematen da diru laguntzak Zumaiara ez bideratzeko: "Emandako epean ez baitute exekuzio proiektua aurkeztu".

Hau ikusirik, herritarrei diru laguntza hauen egoera erreala zein den helarazteko beharra sentitu dugu, izan ere, kiroldegiaren berritzeak herritarrengan duen garrantzia jakinik, herritarrei gure kezka plazaratu nahi diegu.

Diru laguntza hauek ez jasotzeak bi ondorio nagusi dituela uste dugu:

  • Proiektuak aurrera eramateko, udalak zama ekonomiko handiagoa jasan beharko du.
  • Diru laguntzak jaso ez direnez, proiektu hauen exekuziorako atzerapen bat ematea posiblea dela.

EAJ Udal Taldeak kiroldegia berritzeko proiektua agintaldi honetan martxan jartzeko konpromisoa berresten du, eta EH Bilduren udal gobernuari proiektu honi dagokion lehentasuna eta garrantzia ematea eskatzen dio berriro ere. Aldi berean, zorroztasun eta seriotasun handiagoa ere bai diru laguntzen kudeaketan, azken urte hauetan udalak izan duen baliabideen hazkundea dela eta.