EH Bilduren erantzunaren harira

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2023ko abe. 5a, 19:17

Harrigarria egin zaigu Udal Gobernua sustengatzen duen koalizioak, aurrekontuekiko gure bozkaren arrazoiak herritarrei islatu dizkiegunean izan duen erreakzioa. Erantzunaren tonu bortitzak politika egiteko duten modeloa azaleratzen du.

EH Bilduk, bere gehiengo absolutuaz baliatuz, besteen lana gutxiestea ez da politika egiteko bidea.

Bai. EAJ Udal Taldeak 2 liberazio erdi ditu eta beste gai askoren artean 2024ko aurrekontuen lanketa sakona egin dute; bestela, nola eman genituen joan zen asteazkeneko plenoan datu eta azalpenak?

EH Bilduren Udal Gobernua ez da inor oposizioak lana nola egin behar duen esateko. Oposizioaren erabakia da nola egin bere lana: emendakinak egin ala ez, proposamenak egin ala ez; edo aurrekontu oso bati baietza ala ezetza eman.

Oposizioaren zeregin nagusia gobernua kontrolatzea da, kasu honetan Zumaiako Udalarena. Oposizioaren lana ez dago Udalen Gobernuaren kontrolpean eta ez du Udal Gobernuak egin beharreko lana ordezkatu behar. Hori ez ulertzea, sistema demokratikoak nola funtzionatzen duen ez ulertzea da.

Beste kontu bat da proposamenik eta emendakinik ez egitea. 2019-2023 agintaldian 40 inguru aurkeztu genituen eta gehienek ezezkoa jaso zuten, beranduago egiteko. Kasu adierazgarriena eskubaloi kantxa dugu; ezezko borobila jaso ondoren, hauteskundeen atarian egin den obra da.

EAJ Udal Taldeak sinatu eta adostutako proiektuei garrantzia eta lehentasuna ematen die.

Diru laguntzek ondo dakigu nola funtzionatzen duten. Gauza da hauek sekula ez dutela estaltzen obraren guztizko kopurua eta egin ondoren, instalakuntza horiek, urtero, bere mantenu eta funtzionamendurako partida finkoak behar dituztela.

Ludoteka egiteko, Erkibe etxeko behe solairuak ez omen du zabalera nahikoa. Udal Gobernuak azaldu digun asmoaren arabera, beheko solairuak, garai batean sukaldea zegoen espazioa ere barne hartuko luke eta horrekin, gaur egungo Ludotekaren azalera baino dezente handiagoa izango luke.

Marianton parkea, hasierako proiektutik zeharo aldentzen da. Herriak eskatzen zuena parke estali bat zen. Ez al da hobe, gaur egun gastatzea pentsatzen den diru kopuruarekin beste zenbait lekutan ere estalpeak jartzea? Espero dugu gastatuko den dirua ikusita, izugarrizko parkea gelditzea. Baino horretarako beharra al zegoen?

Kiroldegia: 2019. urtean, EH Bilduk igerilekuan lau kale gehiago egingo zituela agindu zuen. Non daude? Guk esaten duguna zera da, motel eta berandu gabiltzala. 2019an hasita egon beharko lukeen prozesu bat dela eta herritarren parte hartze prozesua lehenbailehen jarri behar dela martxan.

Beheko plazako eremua: ez dugu komentario gehiagorik egingo. Antzinako proiektuei eginiko petatxoak dira.

Ikuspegi ekonomikoari ez diogu buelta gehiagorik emango. Eredu zeharo ezberdinak dira bai. EAJk udala ez du kudeatu enpresa pribatu gisa, geure etxeko ekonomia balitz bezala baizik. Horren adierazgarri, 2015-2019 agintaldian eginiko lan itzela da, gaur eguneko egoera ekonomikoaren oinarri eta jatorria.